Lazkaoko Udalak 6,3 milioi euroko aurrekontua du, iaz baino %13,8 txikiagoa
Lazkaoko Udalak 6.306.234 euroko aurrekontua du, aurtengo. Abenduaren 26an onartu zituen Udalbatzak, Bilduren aldeko botoekin. Iazko aurrekontutik 1.010.936 euro gutxitu ditu (%13,8ko jaitsiera). Inbertsioen atalean izan da jaitsiera, 2014rako azpiegitura handietan gastu gutxiago izango duelako udalak. Inbertsioetarako 81.000 euro bideratu dituzte. Obra garrantzitsuena Larreategi etxe-multzo berriko urbanizazio lanak egitea izango da. Komun publikoak egitea, auzokonpost guneak eta herri baratzeak antolatzeko asmoa ere badu udalak.
Gastuen artean, ohiko funtzionamendurako diru sailek hartuko dute zatirik handiena, %45. Kulturara eta kirolera zuzendutako diru kopurua hazi egin dute; 891.080 euro edukiko ditu udalak arlo horietarako. Areria antzokiko eta Joxemiel Barandiaran kiroldegiko oinarrizko horniduretan gastu arruntek gora egin dute, batetik. «Bestetik, zerbitzuan gehikuntzak egingo ditugu, bizi eta lan baldintza duinak bermatzeko».
Ekonomiari laguntzeko saila ere izango dute udal aurrekontuek: 198.300 euro. Herrian langileak kontratatzeko nahiz merkataritza sustatzeko jardueretarako izango da. Goierri mailan, eta Goiekirekin elkarlanean, «enpresa berrien inkubategian negozio berriak irekitzeko eta enpresa txikiak elkartuz nazioartera zabaltzeko» laguntza emango du.
Hezkuntzara 287.700 euroko saila joango da. San Benito ikastolarekin hitzarmen berria adostu du udalak, eta itun horren arabera gora egin du ikastolak udalarengandik zuzenean jasoko duen diru laguntzak. Ikastolaren energia eta ur kontsumoa, eta garbiketa gastuak udalak ordaintzen jarraituko du, orain arte bezala.
Gizarte arloa da, irteeren artean, bigarren zenbateko handiena duena: 407.267 euro. Igoera «garrantzitsua» egin du udalak, «beste erakunde batzuek egin dituzten murrizketak estaltzeko». Etxeko laguntza zerbitzuak, gizarte larrialdi laguntzek eta zergak ordaintzeko laguntzek eramango dute diru gehien. «Dugun krisia kontuan izanda, laguntza beharra daukaten herritarrak geroz eta gehiago dira. Ezinbestekoa deritzogu lehentasuna behar hauei ematea», dio udalak. Lehentasunezko ildoak arlo soziala, hezkuntza eta ekonomiaren berpiztea izan direla dio udalak.
Lazkaoko Udalak sarreren %48 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutako tributuetatik jasoko du, 3.067.944 euro. Zergek %20 emango diote (1.260.000 euro), zerbitzuengatik kobratutako tasek %17 (1.064.000) eta gainontzeko %15 (914.290) beste sarrera batzuetatik lortuko du.