Pintxo potea hasi da berriz ere Ordiziako tabernatan
Eguberritan egindako etenaren ondoren, martxan dago berriz ere pintxo potea Ordizian. Atzo iluntzean hasita, ohiko egutegiarekin jarraituko dute herriko hainbat tabernatan pintxoa eta ardoa uztartzeko egitasmoarekin. Guztira herriko 25 taberna dira 2014an pintxo potearekin jarraituko dutenak.
Ordiziako Udaletik jakinarazi dutenez, Gabonak direla-eta, iazko abenduaren 18an eten egin zen Ordizian «arrakastatsua» izaten ari den egitasmoa. Arrakasta hori ikusita, baina, aurten ere pintxo potearekin jarraitzea erabaki dute eta halaxe egingo dute, asteartero eta asteazkenero, uztailaren 16ra arte. Ordiziako jai nagusien atarian emango diote berriz ere atseden egitasmoari, seguraski udako oporren ondorenean berriro ekiteko, abuztuaren amaieran, zehazki.
Ohi bezala, astearteetan herriko hiru auzotan egingo dute pintxo potea: Altamira auzoko Txola tabernan, Buztuntza auzoko Kiko-Enea eta Txiki tabernatan, eta Otegi-Enea auzoko Erle eta Muñoz tabernatan.
Asteazkenetan, berriz, herri erdigunean dauden tabernatan egingo dute pintxo potea. Hala, honakoak dira egitasmoarekin bate egin dutenak, guztira 20 taberna: Amonane, Etxetxo, Haizpe, Herrikoa, Ilunpe, Kantoi, Kirkil, Koiote, Leizea, Lirain, Martinez, Miami, Olano, Orlegi, Ostadar, Pias, Pikin, Satorra, Txindoki eta Urdin.
Garagardoa eta ardoa
Pintxo potea egitasmoan parte hartzen duten tabernek garagardoa eta ardo ondua eskainiko dute pintxoarekin batera, dena 1,5 euroan.
Egitasmoa, Ordiziako ostalariek, Ordizian merkatari elkarteak eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatzen eta sustatzen dute. Ordizian, 2012ko otsailaren 22tik dago martxan pintxo potea, eta asteazkena azoka eguna izaten denez, horregatik aukeratu zuten egun hori pintxo potea egiteko.