Hemen da sagardotegi denboraldia. Irekiera ofiziala atzo egin zuten Astigarragako (Gipuzkoa) Alorrenea sagardotegian. Kalakan taldea arduratu zen «aurtengo sagardo berria» oihu egiteaz. Goierriko sagardotegi batzuek ere ireki dituzte euren ateak dagoeneko. 2013a ez da sagar urtea izan Goierrin eta sagardogile gehienek kanpotik ekarri behar izan dituzte sagarrak. Goierrin sei sagardogile daude: Oiharte, Otatza, Etxe-Zuri, Urbitarte, Aulia eta Olagi.
Zeraingo Oiharte sagardotegikoek euren aurtengo sagardoa «kolore askokoa» dela esan dute. «Sagardoaren kolorea erabiltzen den sagardo barietatearen araberakoa da eta aurten kanpotik ekarri behar izan dugu sagarra», azaldu dute.
Oihartekoek, bertako sagarrez gain, Galiziatik eta Frantziatik ekarritakoak erabili dituzte. Nahiz eta bertako sagarrondoek gutxi eman duten eta krisi garaian gauden, ez dute euren ekoizpena murriztu. «Iazko litro kopuru berbera ekoiztu dugu: 40.000 gutxi gorabehera».
Joan zen ostiralean eman zioten hasiera denboraldiari. Ondo, gainera. «Lehen egun hauetan jendeak parranda dezente egin du. Krisia gora eta krisia behera, aurten ere jendea etorriko dela dirudi. Egia esan, sagardoa sagardotegi giroan dastatzea gauza polita da».
Zeraingo beste sagardotegian, Otatzan, bihar emango diote hasiera denboraldiari. Jose Antonio Iparragirrek aurtengo sagardoa «polita» dela dio. «Aurreko urteetakoak baino kolore biziagoa du».
Beraiek ere sagar asko ekarri dute kanpotik. «Aurten sagar gutxi eman dute Goierriko sagarrondoek. Iaz urte oparoa izan zen eta zuhaitzak sufritu egin zuten pisuagatik. Gainera, Goierriko uda lehorrek ez diete sagarrondoei mesede egiten. Behealdeko uda hezeak hobeak dira. Hala, Irurako sagardotegi batek bere sagarrekin egin du sagardo guztia», aipatu du.
Eurek, ordea, Bretainiatik eta Normandiatik ekarri dituzte sagarrak. Iaz baino sagardo gutxiago egin dute. Krisia dela eta, sagardotegiek behera egin duten susmoa dute. «2007 eta 2008an gaina jo genuen eta 2009an jaitsiera nabaritzen hasi ginen. Jende asko langabezian dago eta poltsikoan ez du dirurik».
Olaberriako Etxe-Zuri sagardotegiko Garbiñe Garmendia eta Tomas Urra iritzi berekoak dira. Hala ere, iaz baino sagardo gehiago egin dute: 11.000 litro. Ekoizle txikiak direnez, ez dute kanpotik sagarrak ekarri beharrik.
Aurtengo sagardoa «erraz» esaten dela, zapore «gozoa» duela eta iazkoa baino ilunagoa dela esan dute. Bihar hasiko dute denboraldia.
Ataungo Urbitarten, berriz, joan zen ostiralean hasi zuten. «Giro ederrean», esan du Demetrio Terradillosek. Dena den, krisiaren eragina jangelan botilatutako sagardoaren salmentan baino gehiago nabaritu dutela aipatu du.
Sagardoa nola datorren gustatu zaio: «Finagoa da, beste urteetan baino gorputz gutxiago dauka». Meheago izate hori kanpoko sagarraren eragina izan daiteke. «Aurten sagar gutxiago sartu ahal izan dugu bertakoa, 46.000 kilo inguru bagenituen baina. Frantsesa eta gailegoa erabili ditut osatzeko, erdi bana».
Legorretako Aulia sagardotegiko Iñaki Begiristainek ere kanpotik ekarri ditu sagarrak. Sagardo sasoia hasten lehena izan da, ohiturari segiz. Abenduaren 13an zabaldu zuten, eta hasiera «lasai antzean» izan dela esan du.
Aurtengo edariak «mikaztasun gutxiago» duela gehitu du. «Edanda gero ahoan ez du mikatzik uzten. Konpentsatuagoa eta orekatuagoa da, garraztasunik gabea. Horrek edanerrazago egiten du», dio Begiristainek.
Kolore ona
Altzagako Olagi sagardotegiko sagardoa ere edateko erraza da. Bertako Joxe Antonio Olanok sagardoaren kolore ona goraipatu du. «Oso kolore ona dakar. Edateko nahiko lehorra da. Polita dago. Erraz sartzen da».
Sagardo ezberdinak dituzte. «Gazi gutxirekin daude batzuk eta gaziagoak beste batzuk: hemengo sagarrarekin egindakoak, adibidez. Barietate hori ona da, gero nahasteko. Dena gazia edukitzea txarra da, baina dena gozoa edukitzea ere bai».
Ekoizpena igo egin du, iaz hutsik utzi zuen 5.000 litroko kupela bat bete baitu. Botilatzen ere laster hastekoa da, ilbeheran.
Elkarteen arteko sagardo lehiaketa antolatu dute
Zeraingo Oiharte sagardotegiak II. Sagardo Kata Lehiaketa antolatu du, elkarteentzat. Denera lau kata egingo dira, otsailaren 12an hasi eta martxoaren 6ra arte. Goierriko bederatzi herritako elkarteek parte hartuko dute. Finala martxoaren 19an edo 20an da.
Elkarteek aurkeztutako sagardoen kata eta lehiaketa Oiharte sagardotegian egingo da, lau egunetan. Egun bakoitzean lau-bost elkarte elkartuko dira, bakoitzetik hiru-bat kide, eta denen artean elkarteetatik aurkeztutako sagardoak dastatu eta puntuatuko dituzte. Aldi bakoitzean elkarteko bat irtengo da garaile.
Katetan Guillermo Castaños enologoa ariko da laguntzen, eta sagardoa baloratzeko irizpideak azalduko ditu. Elkarte bakoitzak inoiz ez du bere sagardoa puntuatuko, finalean ez bada.
Lau elkarte finalera
Lau kata-jardunaldi direnez, finalera lau elkartetako sagardoak iritsiko dira. Martxoaren 19an edo 20an jokatuko da finala. Parte hartu duten elkarte guztietatik bina lagun joango dira, eta guztien artean, elkarte irabazlea aukeratuko dute.
Saritzat, Oiharteren enologoak elkartearentzako kata bat eskainiko du, elkartean bertan, bazkideentzat. Partaide bakoitzak bost sagardo botila jarri behar ditu, elkartean dituenetik. Etikarik gabe eraman behar dira, otsailaren 12rako, Oihartera.
Parte hartu nahi duten elkarteek telefonoz hots egin behar dute, otsailaren 7a baino lehen, 686 29 91 58 zenbakira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.