Beñat Iturriotz eta Xabier Padin hernaniarrek Ataun of the dead II. Joxean’s hileben pelikula estreinatuko dute bihar euren jaioterrian. Trilogia honek lotura estua du Goierrirekin, protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi jeneral ormaiztegiarra baita. Gainera, irudi batzuk eskualdean grabatu dituzte. Trilogiaren bigarren zatia Zumalakarregi museoan emango dute otsailaren 1ean eta Beasaingo Usurbe zineman otsailaren 7an.
Tindoufeko desertuko (Aljeria) sahararren kanpamentuetara bidaltzeko janari bilketa egiten ari dira Goierriko elikagai denda handietan eta eskoletan. Goierriko goiko eta beheko Sahararen aldeko elkarteek antolatu dute kanpaina Euskal Herriko beste elkarteekin batera, izan ere Goierrin bildutakoa Sahararen Aldeko 10. Euskal Karabanan eramango diete errefuxiatuei martxoan.