Garabide elkartekoen bidezko merkataritza postua.
‘Bidezko merkataritzaren herria’ izendapena jasotzen duen Gipuzkoako lehendabiziko herria bihurtuko da Legazpi. Bihar goizean udaletxean egingo duten ekitaldian jasoko du ofizialki Emaus erakundeak ematen duen izendapen hori. Hala, herri honek “kontsumo arduratsuen ohiturak sustatzeko” egindako ibilbidea saritu nahi dute. Izan ere, Legazpik hainbat urte daramatza bidezko merkataritzaren aldeko lanean, eta batez ere, azken urtean gaiarekiko izan duen inplikazioa nabarmendu dute.
Ekitaldia 09:30ean hasiko da; bertan izango dira Legazpiko Udaleko eta Emauseko ordezkariak, eta baita “izendapen hau jasotzea posible egin duten pertsona eta elkarte guztiak” ere. Ekitaldi horrekin lotuta, Garabideko kideek erakusmahaia jarriko dute udaletxe atzean, 10:30etik 12:30era bitartean. Bertan, bidezko merkataritza produktuak izango dituzte salgai, eta hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango da.
Udalak, “bidaia honetan bidelagun izan dituen pertsona guztiei” bere esker ona agertu nahi izan die, eta “izendapen hau, abiapuntua baino ez” dela nabarmendu dute.