Gaur hasiko dira Goierri behean gutun sozialaren inguruko aurkezpenekin
Eskualdeko eragile ezberdinek bultzatuta, Gutun Soziala eratzeko prozesuarekin jarraitzen dute Goierrin. Abenduan Beasaingo Igartza jauregian egin zuten aurkezpen bateratuaren ondoren, herriz herriko aurkezpenak egiten hasiko dira gaur. Ordizian eta Lazkaon egingo dituzte aurkezpenak gaur, bi herrietan 19:00etan. Ordizian Barrenan izango da bilera eta Lazkaon kultur etxeko erakusketa gelan.
Datorren astean jarraituko dute aurkezpenak egiten, eta Gutun Soziala eratzen ari direnek zehaztu dutenez Beasainen, Zaldibian eta Seguran egingo dituzte hurrengo aurkezpenak.
Beasainen hilaren 21ean izango da, asteartea, 19:00etan eta udaletxeko batzar aretoan. Zaldibian eta Seguran, berriz, hilaren 23an dira aurkezpenak, osteguna. Zaldibian kultur etxean izango da, 19:00etan, eta Seguran 18:30ean, kultur etxean baita ere.
«Eredu sozial berri bat»
Egungo krisi egoerari buelta eman eta «eredu sozial berri bat sortzeko» helburuarekin ari dira lanean eskualdeko eragile ezberidnak. Norbanakoei dei egin diete aurkezpenetan parte hartzeko.