Zorroztaileen artean lekukoa pasatu dute
Goen kaleko txokoari, Pottoka aurrean, zorroztailearen txokoa deitu genion, duela sei urteko kronika batean. Urteak pasata ere, izenari leial eusten dio toki honek. Txiki txikitatik etortzen hasi eta 70 urte inguru hor eman ditu Eladio Fernandezek. Erretiroa hartzeko garaia iritsi zitzaion ordea, eta orain, Ibarrako Luis Igartuak hartu dio lekukoa, txoko berean.
Hiru hilabeteko hutsunearen ondoren abenduan hasi zen etortzen. «Ni berez mekaniko-egokitzailea naiz, enpresa baterako lan egiten nuen eta langabezian geratu ondoren, feriaz feria ibiltzen hasi naiz: hemen eta Beasainen, Tolosan eta Donostian… eta oraingoz hasi berria izateko gustora» dagoela aitortu du Igartuak. Salgai ditu labanak eta guraizeak eta zorrozte lanak ere han bertan egiten ditu, oso epe motzean.
Gainerakoan, prezio batzuen aldaketa aipa genezake, bruselazak (biologikoak), kiloa 3,5 eta 6 euro artean daude salgai. Mikologia atalean, mendiko angula: 10 kilo ekarri zituzten atzo, kiloa 20 euroan. Eta arkumeetan erreparatuz, etxez etxeko bilketa 2,95 euroan (+BEZa) dago; Ordizian saldu diren bostek, berriz, kiloko 3 euroko prezioa egin dute.
Zuhaitz salmenta hasi denekoa ere gogora ekarriko dugu. Daudenak bertan eros daitezke, baina inork enkargurik egin nahiko balu, astez aste martxo bukaera arte Juan Amezketa kalean topatuko ditu: fruta arbolak, basotakoak, lorategietakoak nahiz hesiak egiteko aproposak direnak aukeran.
Marrubi landareak
Udaberriko ilusioa pizten du marrubi landareak ikuste hutsak. Atzo lehen marrubi landareak eskaintzen zituen Ibarrako Esther Illarramendik, oraindik goiz dela jakin arren .. «beti badelako kapritxoz erosten duenik».
Bitarteko porru landareak ere bazituen, izenak dioen bezala iazko eta urteko porruen artean sortu ohi den hutsune hori betetzeko aproposa gertatzen da porru mota hau, segituan igotzen bada ere, eta landatu eta fresko-freskoan berehalaxe jateko prest izan ohi da.
- Aste honetako prezioak