Garaipena Ampo Ordiziarentzat Kopako finalerdiko joanekoan
Goi mailako errugbiaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Ordiziako Altamira estadioan bildu ziren ikusleek. Eguerdian, Espainiako Errege Kopako finalerdietako joaneko norgehiagoka jokatu zen Ampo Ordizia eta VRAC Quesos Entrepinaresen artean. Bi talde hauen arteko finalak dagoeneko ohiko bihurtu badira ere; aurtengoan bietako bat kanpoan geratuko da. Martxoaren 2an jokatuko da Valladolideko Pepe Rojo zelaian itzulerako partida, bertan erabakiko da finalera nor pasako den.
Puntu bakar batean aldearekin bada ere —17-16—, garaipena eskuratu zuen Ampo Ordiziak Quesos Entrepinares mendean hartuta. Azken emaitzak bi taldeen arteko parekotasuna irudikatu zuen. Izan ere, gogor borrokatu ziren bi taldeak garaipena eskuratzeko; markagailuan alde handiena 5 puntukoa izan zen.
Lehen zatian goierritarrak izan ziren nagusi lur eta baloi jabetzan. Hala ere, epaileak atsedenaldia iragarri zuenean 6-8 erakusten zuen markagailuak. Bigarren zatian Ampo Ordiziako jokalariak partida irabaztera atera ziren, akatsik ezin zutela egin jakitun, Quesos Entrepinaresek aukera guztiak aprobetxatzen baititu. Urrutiko zigor kolpe bat gauzatuta jarri zen Ampo aurretik (9-8). Hala ere, gutxi iraun zuen pozak Quesosek entsegua lortu baitzuen (9-13).
Joan-etorriko kanporaketa izanda Ampo Ordiziak partida irabazi eta tartea handitzea zuen helburu. Horren bila joan ziren Heinrich Steylek (12-13) eta Vaugahn Lomaxek (17-13) lortutako puntuei esker. Goierritarren akats batez baliatuta, ordea, zigor golpea lortu zuen Valladolidekoek. 17 eta 16 amaitu zen partida.