Edukiontzi marroia erabiltzeko dei egin dute Beasaingo alderdi guztiek
Gaur goizean aurkeztu dute Beasaingo udaletxean edukiontzi marroiaren erabilera bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina berria. Beasaingo alerdi guztietako ordezkariek dei egin dute “gehiago birziklatu beharra” dagoela esanaz, eta horren barruan, edukiontzi marroiaren erabilera azpimarratu dute.
Datorren astean jarriko dute abian sentsibilizazio kanpaina berria. Datorren astelehenean eta asteazkenean 09:00etatik 13:00etara eta asteartean eta ostegunean 16:00etatik 19:00etara, Beasaingo plaza azpian informazio puntua jarriko dute Sasietakoek. Bertan, oinarrizko informazioa, poltsa konpostagarriak eta etxerako ontzi marroia banatuko dituzte.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, edukiontzi marroia erregularki erabiltzen dutenei %20eko hobaria egingo zaie zaborraren tasan. Horretarako, materia organikoa astean behin behintzat edukiontzi marroira bota beharko dute erabiltzaileek. Txartelek biltzen dituzten datuak Sasietak Beasaingo Udalari emango dizkio, eta honek aplikatuko ditu hobariak.Etxean konposta egiten dutenek ere jasoko dute hobaria. Sasietako ikastaroa egin zutenen zerrendan azaltzen ez direnek, udaletxean eskaera orri bat bete beharko dute. Udako opor garaia ere kontuan hartuko dela azaldu dute.
Martxotik aurrera hasiko dira edukiontzi marroien datuak biltzen. 3.250 lagun ari dira une honetan edukiontzi marroia erabiltzeko txartela dutenak (Beasaingo biztanleriaren %63a).