Hondakin bilketa berria martxoan hasiko da Ataunen
Ataunen martxoaren lehendabiziko astean jarri nahi dute martxan hondakin bilketa sistema berria. Hori da Ataungo Udalaren nahia, eta azken asteotan edukiontzi-guneak moldatzen ari da Sasieta Mankomunitatea. Guztira 24 gune egongo dira Ataunen barrena. Herriguneetan ez ezik, zehar edo haran bakoitzeko sarreran kokatu dituzte, edukiontziak jartzeko esparruak.
Ataungo bi alderdiek adostutako sistemaren arabera, aldaketa nabarmenena zabor arruntaren bilketan etorriko da. Gaur egun herrian zabalduta dauden edukiontzi berdeak kenduko dituzte, eta errefusa atez ateko sistema berarekin jasoko dute. Astelehenetan atera beharko da, egun osoan; 22:30ean bilduko du Sasietak.
Zutabeak kokatuko dituzte horretarako, guneetan. Gainontzeko hondakin zatikiak —beira, papera, organikoa eta plastikoa zein ontziena— jasotzeko edukiontziak irekita egongo dira, une oro.
Udalak atzo eta herenegun egin zituen herri batzarretara herritar ugari bildu zen. Hala ere, otsailaren 1ean eta 8an zehar bakoitzeko bizilagunekin bilera berezituak egingo ditu udalak.
Pixoihalentzat ontzi berezia
Bereizita jasotzen diren gainontzeko gaiak biltzeko bi gune izendatuko ditu udalak: Bikoitz aurreko aparkalekua (San Martin), eta Urbide etxearen atzea eta Sutegiko aparkalekua (San Gregorio). Horietan pilak, arropa eta erabilitako olioa utzi ahalko da. Baita pixoihalak ere. Edukiontzi bereziak jarriko ditu Sasietak pardelak jasotzeko. Itxiak izango dira, eta giltza udaletxean jaso behar dute erabiltzaileek.
Traste txikiak uzteko edukiontzi bat ere jarriko dute, udaletxe azpian.
Abenduko birziklatze tasa %30ekoa izan zen Ataunen. Bilketa berriarekin «%70-80ko helburura» iritsi nahi du udalak. «Denon esku dago. Denok ondo egiten ez badugu ez gara iritsiko», dio Igor Aierbe alkateak.
Martxoaren lehenean hasteko, errefusaren ontziak otsailean banatuko dituzte. Gero, sei hilabeteko epean birziklatze tasaren datuak jasoko dituzte, hilero, eta «beharraren arabera bilketa zuzentzea» da asmoa.