Ormaiztegiko udalbatzak aho batez onartu du zabor bilketa sistema berria
Ormaiztegiko Udaleko hiru alderdiek, Bildu, OHT eta Orbel, baiezkoa eman diote zabor bilketa sistema berriari. Orain arte bezala, ontzi arinak, beira, papera, kartoia, pilak, olioa eta arropa edukiontzi bidez bilduko dituzte. Materia organikoa eta pixoihalak ere bai. Horretarako, edukiontzi berriak jarriko dituzte. Errefusarentzako, berriz, kuboak erabiliko dituzte. Familia bakoitzak bere kuboa edukiontzien ondoan jarriko dituzten zintzilikarioetan zintzilikatuko du, astean behin. Herrigunetik kanpo dauden auzoetan birziklatze guneak jarriko dituzte.
Bilduk eta Orbelek atez atekoa onartu zuten apirilean, baina herrian sortutako ezinegonaz jabeturik, sistema honen ezartzea etetea erabaki zuten. Ondoren, herriko eragile guztiekin, gaikako bilketa bultzatuko duen sistema bat adostea erabaki zuten. Sasieta mankomunitateari sistema berri bat proposatzeko eskatu zioten eta Sasietak aurkeztutakoa ontzat eman dute. Ondorengo asteetan bizilagunekin bilerak egingo dituzte euren zalantzak argitzeko. Sistema berria martxoan jarriko dute martxan.