"Pertsonak lehenesten dituen aurrekontua" egin dute Beasainen
Bihar arratsaldean egingo den osoko bilkuran aurkeztuko du 2014 urterako aurrekontua Udal Gobernuak. Gaur goizean aurrekontu horien nondik-norakoak azaldu dituzte, hiru ardatz nagusi dituztela esanaz: “pertsonetan oinarritutakoa da, hirigintza jasangarria, bere zentzurik zabalenean, helburu duena eta herritarren parte hartzea ahalbidetu eta sustatuko duena”.
“2014rako aurrekontua 14.800.000 eurokoa da. Udal gobernuarentzat garrantzia berezia hartzen dute euskarak, enpleguak eta ongizate arloak. Gainontzeko arloak gutxi gora behera, mantentzen saiatu gara”, azaldu du Koldo Agirre alkateak. “Diru kopuruari dagokionez, iazkoaren antzekoak dira aurtengorako aurrekontuak, izan ere, fondo forala igo egin da eta 2009tik itzultzen ari ginen kantitatea 2013an bukatu dugu ordaintzen”.
Besteak beste, honako proiektuak azpimarratu dituzte aurtengo aurreikusten dituztenen artean: Oriamendi kalearen birmoldaketa; Nafarroa etorbidea eta Barrendain plazaren konponketak; plan orokorraren diagnosia; 100.000 euroko partida dauden beharrei eta gaur egungo egoeraren ondorioz, suertatu diren behar berriei erantzuteko…; Ezkiaga auzoan 120.000 euroko partida irekia, auzotarrek zer egin erabaki dezaten; auzoetako garraioa; elkarteei hitzarmenetan %5eko igoera; Foru Aldundiaren diru laguntza bitartez, hamar beasaindar langabeturen kontratazioa (beste lau kontratatuta daude dagoeneko), eta udalaren behar desberdinei erantzuteko lan poltsa baten eraketa ere aurreikusten dute beasaindar langabetuekin. Horiez gain, urteroko partida batzuk ere mantenduko dituzte.
Aurrekontua erabakitzeko herritarrekin egin den partehartze prozesuaren bidez, herritarren 50 proposamen jaso dituztela azaldu dute. “Ekarpen guztiak positiboki baloratzen ditugu Udal Gobernutik eta ekimen honetan parte hartu duten herritar eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu” esan dute. Beste alderdiek egindako ekaropenak ere sartzen saiatu direla azaldu du Agirrek, eta beraiek “egindako ekarpenen %70-%80 onartuta” daudela dio.