Aramako hirigintza arau berriek 34 etxe gehiago egiteko bidea irekiko dute
Aramako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko arauak berritu ditu. Aurreko legealdiaren bukaeran hasitako prozesua azken fasean sartu da, onarpenarenean. Udalbatzak abenduaren 26an egindako osoko bilkuran eman zion hasierako onespena. Otsailaren bukaerara arte helegiteak jasotzeko aldian dago, orain.
Aramako hirigintza arau berriak Luque Aseginolaza enpresa elkargoak idatzi ditu, baita horri dagokion ingurumen eraginaren azterketa ere. Aurreko arauak agortuta zeudela iritzita, lau urteko langintza eskatu du txosten berria egiteak.
Aldaketa nabarmenenak etxebizitzak eraikitzeko lur sailak izendatzeak ekarriko du. Hiru tokitan etxeak egin ahal izateko bidea irekiko dute arauek, baldin eta dagoen-dagoenean onartzen badira behin betiko. Guztira 34 etxebizitza gehiago izatea ahalbidetzen dute. «Lurralde Antolamenduaren Zuzentarauek Aramarako 41 eta 54 etxebizitza berri artean aurreikusten ditu. Guk 34 egiteko aukera jarri dugu arauetan», azaldu du Aramako alkate Axier Mujikak.
Jaitsiera hori egoera ekonomiko orokorrari eta herrian etxe berriekiko egon litekeen interesari egokitu zaizkio, alkatearen arabera. «Arauak egiten hasi zen garaian herrian etxe eskaria bazegoen. Baina denbora joan da, ikaragarri luzatu da, eta orain harritzen naiz hainbesterakoa egotea. Gazteak badaude, baina krisiagatik egoera ere asko aldatu da, eta etxebizitza baterako sarbidea izatea zailagoa da».
Arauen berrien arabera, etxeak egin ahalko diren hiru lur sailetatik bat udalaren jabetzakoa da. Zatiaren plan partziala egina dauka udalak, eta urbanizagarria da dagoeneko. Toki Alai tabernaren behealdeko saila da, autobide aldera ematen duena. Han hamar-bat bizitza egiteko aukera zabalduko dute arauek.
Beste bi sailak herrigunearen beste aldean daude, errepidez bestaldeko bi familiako etxeen atzean. Horietan plan partziala egitea falta da oraindik. Mujikak aurreratu duenez, etxebizitza eskaria Araman zenbaterainokoa den jakiteko galdeketatxo bat egingo dute.
Baserriak zatitzeko aukera
Hirigintza planeamendu berrian sartu duten beste berrikuntza nagusi bat baserrietan etxebizitza gehiago ateratzeko aukerarena da. «Bizitza bat baino gehiago ateratzeko modua irekiko da, beti ere metro koadro kopurua ikusita eta gaur egun zenbat bizitza dauden kontuan hartuta. Baserri batean bi edo hiru etxebizitza ateratzea askotan egokia izan daiteke, handiak direnetan. Herritar askok eskatzen zuen aukera hori», dio alkateak. Gainontzean, industrialdeei dagokienez ez da aldaketarik aurreikusi arau berrietan.
Behin helegiteak jasotzeko epea bukatutakoan, eta daudekeen alegazioei erantzun ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiari igorriko dio planeamendua Aramako Udalak, aztertu eta argi berdea eman diezaion. Denbora igaroko dela uste du Mujikak, horretarako. «Momentuz, bi urterako ezin dugu eraikitze baimenik eman, arauak lehenago onartzen ez baldin badira».
Arau berrien ildo nagusiak aramarren aurrean aurkeztuko dituzte udal arduradunek. Batzar informatzailea larunbatean 10:00etan egingo dute, udal eraikin berriko Iriarte aretoan.