Etxegarate ireki dute, 'bypass' bat eginda
Etxegarate gainetik gertu gertatutako luizi batek N-1 errepidea itxi du, Gasteizera norabidean. Ondo bidean, bihar goizean irekiko dituzte Gasteizera daramaten bi erreiak. Teknikariek dagoeneko ‘bypass’ bat egitea lortu dute: Donostiara bidean dauden bi erreietako bat Gasteiz aldera doazenek erabili ahal dute.
Luizia gaur goizean gertatu da, 04:30ean. Mendia eusten duen sarea erori da. Hasiera batean, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek errei bat ireki ahal izango zutela uste zuten, baina berehala luizi arriskua zegoela konturatu dira.
Hori dela eta, bi erreiak itxita daude eta goizean zehar ibilgailuak A-15 autobidetik desbideratu dituzte. Eguerdirako ‘bypass’ bat egitea lortu dute: Donostiara bidean dauden bi erreietako bat Gasteiz aldera doazenek erabili ahal dute.
Luizia «toki txarrean» gertatu dela adierazi dio Joseba Altube Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendariak Euskadi Irratiari. «Mendi magalaren beheko aldean harkaitza dago, baina goikoan lurra. Pitzadura goran izan da, 20 bat metrora. Lan egiteko toki txarra da».
Ondo bidean, bihar goizean irekiko dute errepidea. «Garbiketa lanak gaur bukatuko ditugu, baina gero diagnostikoa egin behar dugu. Beharbada bihar irekiko dugu, baina arazoa larria dela ikusten badugu, itxita jarraitu beharko du».