Euskal Herriko zortziko sokatira txapelketaren finala hamar taldek jokatu dute, gaur arratsaldean, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Emakumezkoen 540 kiloko modalitatean eta gizonezkoen 640 kilokoan aritu dira. Mutiletan Abadiñok irabazi du, eta nesketan Ibarrak. Tiraldi guztiak irabazi dituzte txapeldunek, euren sailetan.
Gizonezkoetan sei taldek parte hartu dute: Abadiño, Ibarra, Murueta, Nabarniz, Ñapurrak eta Sokarri. Abadiñoarren nagusitasuna erabatekoa izan da. Bigarren eta hirugarren postuetarako, aldiz, kitarako tiraldia egin behar izan dute Ibarrak eta Ñapurrek. Azkenean, gipuzkoarrak geratu dira bigarren, eta lapurtarrak hirugaren. Murueta eta Nabarniz sailkatu dira hurrena, eta Sokarri kanporatu egin dute, epaileekin eztabaidak edukitzeagatik.
Emakumezkoetan Ibarra zen faborito, eta ez du huts egin. Tiraldi guztiak bere aldera eramanda, Euskal Herriko txapeldun dira 540 kiloetan. Gaztedi izan da bigarren, Badaiotz hirugarren eta Bizindar laugarren.
Zortziko sokatiran, euskal denboraldia otsailaren 8an bukatuko da, Bilbon, 600 eta 500 kiloko finalekin.

Emakumezkoen Ibarra taldea, Badaiotzen aurka tiraka, gaur Idiazabalen./Aimar Maiz