Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8an egingo duen giza-katean Durango eta Iruñea lotuko ditu, 123 kilometroko ibilbidean 50.000 lagun bata bestearen alboan jarri, eta eskua emanda bi hiri sinbolikoak lotzeko. Erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia izango da, Nazioen Mundua herri ekimenak sortua. Gaur hainbat xehetasun eman dituzte bultzatzaileek Idiazabalen, herriko aurkezpena egin baitute, Guraso Elkartearen aretoa herritarrez bete-beterik zela.
Herri bakoitzari ibilbideko kilometro edo zati jakin bat izendatu diote. Tartea eskuz esku estaltzeko beharko den gutxieneko lagun kopurua ere zehaztu dute. Goierriko herritarrek Goierrin bertan jarriko dute giza-katearen begia, Ezkio-Itsaso eta Beasain bitartean, Ormaiztegin barrena. Oraindik ez dute herri guztien zerrenda jakinarazi. Idiazabali, adibidez, ibilbideko 51. kilometroa egokitu zaio, Alegiako bidegurutzetik (Gabiria) Ormaiztegiko Imeguisa lantegirainoko zatia. Eta gutxienez 90 lagun bildu beharko dituzte. Kilometroko 400 lagun beharko direla kalkulatu dute arduradunek.

Idiazabalgo Guraso Elkartean Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena, gaur goizean./Aimar Maiz
Giza-kateko metro bakoitzaren truke 5 euroko diru ekarpena jasoko dute. Trukean, partaide bakoitzak zapi bat eta bizkar-zorro bat jasoko ditu opari. 16 urtetik gorako guztiek izena eman eta ekarpena egin behar dute; gazteagoek ere parte har dezakete. Lepoko zapi bereziak saltzen ere hasi dira, 2 euroan. Ekainaren 8ko ekimenari egiten dio erreferentzia. Sintonia eta bideoa ere sortu dute, Euskal Herriko 100dik gora artistek.
Idiazabalgo aurkezpenean Nazioen Munduko Anjel Oiarbidek esan duenez urteko ekitaldi garrantzitsuena giza-katea izango da. “2014 urte berezia da. Europa osoa Eskoziara eta Kataluniara begira egongo da, eta ea guk ere eskua altxatu eta zer esana badugula adierazten dugun. Ekainaren 8a funtsezkoa izango da”, azaldu du. Durango-Iruñea bide osoa hartzeko 50.000 lagunetik gora behar dira. Herrika batzordeak sortu dituzte. Idiazabalgoa, adibidez, astelehenero Axari elkartean biltzen da, 21:30ean. Edonor joan liteke.
Ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Zelai Nicolas Eusko Jaurlaritzako legegileak, Cesar Arrondo euskal-argentinar unibertsitate-irakasleak eta Kontxita Beitia hasierako ikastoletako irakasleak ere. Aurreneko atxikimendua Arrondok eman du, agiria sinatuz; bigarrena, Beitiak.

Anjel Oiarbide, Gure Esku Dago-ren logoarekin./Aimar Maiz