Kempoa, norbere oreka bilatzeko artea
Eskuarekin lepo zamarretik heldu eta mugimendu hau eginda, aurkariak inertziaz keinu hau egingo du, berezko defentsa-neurri bezala. Orduan, sartu aldaka eta indar oreka zuen aldekoa izango da». Joao Cuña beasaindarraren azalpenak dira, Lazkaoko kiroldegiko areto batean aurrean duenari —bera baino askoz gazteagoa— itxuraz astindu bat ematen dion bitartean. Shorinji kempoan ari dira. Gaian ezjakina denak ostikadak, zartakoak eta zankalatrabak soilik ikusten baditu ere, askoz gehiago da kempoa. Eta bide luzekoa Goierrin.
Neurri batean, aurkaria jipoitzeko teknika da. Edo, kempolarien euren hitzetan, defentsa pertsonala. Arazoak saihesteko modua da gehiago; norbera jipoitu ez dezaten, egoera orekatzeko artea. Oreka baita, ziurrenik, kempoko hitz giltzarria. Buruaren eta gorputzaren artekoa.
«Defentsa pertsonal bezala, zure burua babestea ondo dago. Baina norbaitek pistola erakusten badizu, hobe da korrika irtetea», dio Jesus Ruizek, umorez. «Gure helburua ez da hori. Zure bizitzari lotutako hainbeste arazo askatzea da. Nola askatu erakusten du kempoak: oreka mentala eta fisikoa mantenduta».
Goierrin 30 urte baino gehiagoko ibilbidea dauka japoniar jatorriko borroka arte eta filosofia horrek. Hiromi Shimura japoniarrak ekarri zuen Donostiara eta Ordiziara. Hura jaioterrira itzuli zen, baina ereindako haziak lur emankorra aurkitu zuen Goierrin, ikasleen eskutik. Joao Cuñak Beasainera aldatu zuen gunea. Juan Lasa kempolariak kontatzen duenez, Antzizar kiroldegian egindako aurreneko aktibitatea shorinji kempokoa izan zen, «kiroldegia oraindik bukatu gabe zegoela: banku eta ohol batzuk jarri lau adreiluren gainean, eta hala egin zuten lehenengo erakustaldia». Isidro Blanco lazkaotarra izan zen zabaltzaileetako bat, Lazkaon ere hasiz.
Urretxu-Zumarragara 1982 inguruan hedatu zen. Urretxun lehenbizi, eta 1998tik aurrera Zumarragako Ispilla kiroldegian aritzen dira. Denera laurogei bat lagunek egiten dute kempoa eskualdean. «Jende asko pasatu da hasieratik; hiru belaunaldi ibili dira. Lanagatik edo etxeko martxagatik utzi egiten dute batzuek, baina seme-alabak bidaltzen dituzte gero. Kate bat da, lotura», dio Lasak.
Lehiarik gabeko artea
Kempoa buru-lana eta gogoeta ere badenez, arazoak «aurretik» ikusten ikasten dela dio Lasak. «Burua egoera batera prestatzen duzu, eguneroko entrenamenduarekin. Gero, kalean ere balioko dizu, defentsa pertsonaleraino ailegatu gabe: jokabide jakin batek zer ondorio ekarriko duen badakizu, eta aurrea hartzen diozu egoerari».
Kempoaren baloreak gaur egunerako ere baliagarri direla argi daukate. «Mundua dagoen bezala egonda, pertsona bat zenbat eta hobeto prestatuta egon, beldurrak zenbat eta gehiago kendu, orduan eta pertsona hobea izango da. Bai heziketa arloan, bai defentsa gisa, garrantzitsua da».
Hala, haurrekin lan egiteari berebiziko garrantzia ematen diote, eta ahalegina egiten dute eskolaz kanpoko jarduera hori ezagutarazten. Kempoan lehiaketarik ez egoteak oihartzuna apaltzen dio, ordea. «Kempoan ez dago lehiaketarik, eta horregatik isil samarrean egoten da. Lehiarik ez egotean dauka sustraia, izan ere», dio Lasak. «35 urte badarama kempoak Goierrin, baina oraindik askok ez dakite badenik ere», borobildu du Ruizek.
Aurkariarenganako errespetua, norbere burua gainditzea, parekoak dauzkakeen hutsuneak berdintzen laguntzea, eta indartsuagoen ahaletik ikastea dira kempoaren zutabeak. «Azterketak egiten dira eta gerriko maila desberdinak daude, baina pertsonak bere erronkak gainditu dituela bermatzeko dira». Elkar nola errespetatzen duten eta kensi-ekiko —praktikatzen duten ikasleak— jarrera dira gerriko mailaz pasatzeko baldintzak.
«Lehia norbere buruarekin dago. Mundu hobea ezin da bat bestearen aurka eraiki. Denon artean konfiantza hartu, eta aurrera egitea da helburua», dio Lasak. Itxaropen eza gainditzen laguntzeko, kempoaren denbora da.
Goierriko bost herritan ikas daiteke kempoa, haurretatik helduetara
Gaur egun Lazkaon, Beasainen, Zumarragan, Ordizian eta Idiazabalen egin daiteke kempoa. Denborarekin, azpiegitura duinagoak lortu dituzte, udal kiroldegietan edo bestelako lokaletan. Eskerrak eman dizkiete herri horiei, kempoarekiko izan duten konpromisoagatik.
Ateak zabalik daudela nabarmendu dute. Edonork egin dezake, umeetatik larrietara.