Haurdunaldia eteteko legearen erreforma gelditzeko eskatu dio PPri Ordiziako Udalbatzak
Joan den ostegunean egin zuten Ordiziako udal taldeek urtarrileko osoko bilkura. Bertan, Bilduk, EAJk eta PSEk haurdunaldia eteteko legearen erreforma geldiarazteko eskatuz mozio bana aurkeztu zuten. Hiruak batu, eta aho batez onartu zuten.
Abortoa baldintza zehatzetara mugatu eta emakumeen erabakitzeko askatasuna ezabatuko duen lege erreforma “atzerapen larria” dela salatu zuten onartutako mozioan. Udal taldeen arabera, Espainiako Gobernuak esku artean darabilen aurreproiektuarekin “emakumeek ez dute amatasunaren inguruko erabakirik hartzeko eskumenik izango; agerian uzten du emakumeen erantzukizunarekiko konfidantza eza”.
Inolako tutela eta jarraipenik gabe, emakumeek berain bizitza sexual eta erreproduktiboaren inguruan erabakitzeko eskubidea izatea eskatu zuen udalbatzak. “Egin asmo duten kontrarreformak emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu eta infantilizatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz”, diote.
Era berean, osoko bilkuran onartutako idatzian “basakeria hau” noren izenean egiten ote duten galdetu zuten. “Zalantzarik ez dago emakumeen bizitzak behintzat ez dituela bereziki kezkatzen. Izan ere, indarkeria matxistaren itzalpean erailtzen eta erasotzen dituzten emakumeen bizitzak ez dira Gobernu espainiarraren lehentasuna”, diote.
Horregatik guztiagatik, PPk aurkeztutako “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” legean aurreproiektua gaitzetsi zuten. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskaria luzatzen diote “emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko lege-babesa”.
Erreformarei erantzuna emateko mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduak egindako lanari ere errekonozimendua egin zion udalbatzak; onartutakoaren arabera, Udalak bat egiten du eskubidea babesteko mobilizazioekin. Era berean, herritarrei dei egiten diete emakumeen autonomiaren alde eta haurdunaldia eteteko eskubidearen alde egin dezaten.