Iñaki Errazkin diputatuaren ustez Sasieta "erreferentzia da gainerako mankomunitateentzat"
Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak Sasieta Mankomunitatea zoriondu du, “birziklapenean emaitza bikainak lortzen ari delako”. Sasietak orain egun batzuk jakinarazi zituen eskualdeko birziklatze datuak, 2013ari dagozkionak, eta emaitzak ikusita, Errazkinen ustez “Sasieta salto handia ematen ari da oso denbora tarte laburrean, eta Gipuzkoan norabidea markatzen ari da; erreferentzia da lurraldeko gainerako mankomunitateentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere”.
Salto hori hondakinak biltzeko eskualdean dauden sistema ezberdinen bidez ematea ere nabarmendu du diputatuak: “Garrantzitsuena ez da bilketa sistema bera, baizik eta helburu egokiak eta helburu horietara iristeko sistema eraginkorra jartzea”. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, “gaur egun Gipuzkoako 30 bat herrik %70etik gorako birziklatze tasa dute, eta hainbat sistema erabiltzen dituzte horretarako”. Errazkinen arabera, “herri horiek guztiak bikain ari dira”.
Diputaziotik esan dutenez, beste mankomunitate batzuk ere “hobekuntza handiak izan dituzte”, eta Tolosan lortutako datuak nabarmendu ditu Errazkinek, “%43 ari dira orain gaika biltzen”. Datu horiek guztiak “konpromiso kolektibo baten emaitza dira, eta bide zuzena” hartu izana erakusten dute: “Birziklapenaren Gipuzkoa egiten ari gara, eta ez errausketarena edo zabortegiena. Ondo ari gara”, zehaztu du.