
Jakitea Euskal Sukaldaritza Tradizionalaren elkarteak Kaiku sarien festa egingo du bihar arratsaldean Deban. Banatuko dituen zenbait sariren artean «sukaldaritzan bizitza osoan jarduteagatik» ibilbide profesionalaren saria emango diote Maria Zabala legazpiarrari.
Zabalak bizitza osoa darama sukaldean lanean. Egun 89 urte ditu, baina Legazpiko Gizarte Zentroko sukaldean jarraitzen du boluntario gisa. Izatez Goizuetarra (Nafarroa) da Zabala, baina mende erdia darama jada, Legazpin bizitzen. Donostiako Mokoroa familiaren etxean aritu zen lehenengo zerbitzari lanean, baina Eustakio Segurajuregirekin ezkondu zenean utzi zuen lana.
Goizuetara itzuli ziren, eta senarrak meatzean lan egiten zuen bitartean, Zabala kantinaren kargu egin zen. 50. hamarkadan Legazpira joan zen familia lan hobeago baten bila. Eustakio Patrizio Etxeberriaren lantegian hasi zen eta Mariak hainbat lan izan zituen: arrandegian, Etxeberriaren pentsioan… Lan profesionala amaitu zitzaionean, 60 urterekin, Gizarte Zentroko sukaldean jarraitu zuen boluntario gisa lanean.
Sari banaketa bihar
Gaur arratsaldean Mariarena bezalako historia duten pertsonen ibilbidea sarituko dute Deban egingo duten festan, besteak beste. Baina legazpiarrarekin batera beste hainbat pertsona, jatetxe eta produktu ere sarituko dituzte. Epaimahaia osatu duen kideetako bat ere legazpiarra da, Josema Azpeitia, gastronomia kritikoa, hain zuzen ere. Sari banaketa ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta jatetxe ezberdinetako ordezkariek hartuko dute parte.