Oihan Vegaren 'Euskararen espektakulue' ostiralean, Ordizian
Antzerki Garaia programaren bigarren saioa egingo da ostiral honetan Ordiziako Herri Antzokian. Pikupe Produkzioaken eskutik, Oihan Vega telebistako aurkezle eta irrati esatari ezagunak Euskararen espektakulue bakarrizketa eskainiko du. Hitzordua, ostiral honetan Ordiziako Herri Antzokian 22:15ean. Sarrerak salgai daude Barrena Kultur Etxean.
“Nork daki euskaraz iraintzen? Eguneroko bizitzan zergatik jotzen dugu horrenbeste erdarara?”. Euskararen erabileraren gaineko gogoeta eskainiko du. Umorea eta sarkasmoa erabiliz, hausnarketara gonbidatuko gaitu Vegak bakarrizketa komiko dibertigarri eta ironikoarekin; musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta.
Kepa Errasti ETBko gidoilari eta aktore ezagunaren laguntza izan du, film labur “sketch” umoretsu sorta bat zuzendu baitu ikuskizun honetarako. Publikoarekiko interakzioa eta elkarrizketa etengabea da ikuskizun berri honetan.