Seguran ere lurra esnatu zuten atzo
Arratsaldeko 17:00etan hasi eta afalordura arte ibili ziren atzo Seguran santa eskean. Nerea Elustondo, Asier Iriondo, Gorka Azkarate eta Eneko Areiztegi segurar gaztea aritu ziren kopla kantari bidean eta Azkaratek trikitilariei txanda egin zien tarteka, eskua igeltsatuta bazuen ere, alboka joaz. Areiztegiren lehen santa-eskea izan zen atzokoa eta afalostean ere aritu zen kantuan, gainerako bertsolarien babesean; tartean Felix Lardizabal eta Martxelino Elortza ere bai.
Bi urtez behin joaten dira Seguran baserrietara santa-eskean; beste urteetan herri kaskoko etxeetan abesten dute. Plazan herriko abesbatzeko dozena bat kiderekin bat egin zuten 20:00etan, Txanbolinpen txokolate beroa hartuz. Guztira 40 lagundik gora bildu ziren plazan, eta herriko taberna guztiak alaitu zituzten kantuan. Afaltzeko, ohiturari jarraituz, baratzuri-zopak jan zituzten lehen plater gisa Elorri elkartean. Aurten28 urte bete dira Elorri Kultur Elkarteko kideek santa-eskea berreskuratu zutela.
- Seguran, trikitilari eta koplariak lagun hartuta
- Seguran, trikitilari eta koplariak lagun hartuta



















