
Dagoeneko azokan salgai ikusi ditugu loratutako aurreneko zuhaitz adarrak: mimosa lore horiak eta kotoizko boladun sahatsa. Ez dira bi horiek bakarrak, ordea; kameliari ia pasatzen ere ari zaio lorea, eta lore gorridun japoniar Cydonia nahiz aran basak ere, zuri-zuri, loretan ikusten dira. Urtero salgai jarri ohi dituztenak aipatutako biak izan ohi dira eta baita aurten ere; mimosa adarrak 2 euroan eta Sahats adarrak 3an. Azken hauek gainera bere horretan edergailu moduan luze irauten dute.
Horiek denek, bistarako ederrak izanagatik, ez dute tripa betetzeko balio, eta bestelako lanetan ekin ezean jai dago. Hemendik aurrera poliki-poliki landareen eskaintza zabaltzen hasiko da. Atzo Montesen postuan kanpoan landatu daitezkeen kukuluak eta perexil landareak salgai ziren. Momentuan gehien saltzen dena udaberriko tipula landarea da; baita marrubi landare gutxi batzuk ere. Bestalde, jadanik jateko prest diren baratxuri freskoak postu askotan ikusten dira, 0,5 eta 1,5 euro artean, sortaren arabera.
Udaberriko zizak
Udaberriko zizak inbidia emateko lain ikusi genituen atzo Mikel Lasaren postuan: 100 gramo eskas, Aierbek bilduak. Hala ere, kopuru hori «garai honetarako luxua» dela entzun dugu; zer esanik ez prezioari erreparatuz gero, kiloa 160 euroan zen salgai. Ez dakigu inor erosteko asmoan gerturatu ote zitzaion, baina beste asmo batzuk zituen Lasak: «Ospakizun berezi bat badut igandean eta nire kapritxorako» hartuko dituela aitortu digu. Kanpotik inguratutako 5 kilo zizahori ere ikusi ditugu postu berean, 20 euroan kiloa.
Arkumeak gora egin du
Arkumeak gora egin du azokan, bai kopuru eta baita prezio aldetik ere. Etxez etxeko bilketan hau baino kopuru askoz handiagoa darabilkite eta aurrez finkatutako prezioan (2,95 +%10eko BEZa). Aldiz, Ordizian atzo 42 buru saldu ziren; garestienak kiloko 3 euroan pagatu zituzten; merkeenak berriz, 2,70 euroan, beti ere, bizirik pisatzen dutenekoa erreferentzi hartuta.