«Pisu jaurtilari on batek zango azkarrak eta teknika ona behar ditu»
Ane Torresek (Ordizia, 1999) odolean darama atletismoa: bere aitak gorako jauzia egin zuen Ordiziako Txindoki taldean eta ahizpak pisu jaurtiketa egiten du talde berean.
Zergatik pisu jaurtilari?
Aitak atletismoa egiten zuen, baina ahizpa hasi zenean zaletu nintzen. Ni baino hiru urte zaharragoa da eta Alba du izena. Pisu jaurtiketa egiten du, maila ona du eta gustura aritzen da. Hori ikusita, nik ere pisu jaurtiketa egitea erabaki nuen. Egun, biok lehiatzen dugu.
Ez al dituzu atletismoaren beste modalitate batzuk probatu?
Ez. Hau oso gustuko dut. Hasieran ez nuen asmatzen eta ilusioa galtzekotan egon nintzen. Baina utzi beharrean, ahal nuen gogorren entrenatzea erabaki nuen.
Zein txapelketa irabazi dituzu orain arte?
Gipuzkoakoa eta Euskadikoa. Aurten Gipuzkoakoa bakarrik antolatu dute eta bai aire librean eta bai pistan nagusitu egin naiz. Espainiako taldekako txapelketa irabazi nuen, Euskadiko selekzioarekin.
Kadete mailako Euskadiko errekorra zurea da.
Hala da, baina oraindik hobetu beharra dut. Nire marka 12 metro eta 29 zentimetrokoa da. Egun hiru kiloko bola botatzen dut, baina senior mailara heltzen naizenean lau kilokoa botako dut.
Espainiako errekorra urruti al duzu?
Ez dakit, eta ez zait inporta. Nire helburua Espainiako txapelketa irabaztea da. Martxoaren 15ean pistakoa jokatuko dugu, Antequeran (Malaga), eta uztailean aire librekoa, Huelvan.
Kirol zaila al da?
Ez da zaila, baina oraindik teknika ez dut behar bezala menperatzen. Entrenatzaileak bola jaurtitzeko gogo gehiegi dudala esaten dit, burua azkarregi mugitzen dudala.
Zein dohain behar ditu pisu jaurtilari on batek?
Zango azkarrak eta teknika ona behar dira.
Ordizian atletismo zaletasun handia dago. Txindoki taldeak lan ona egiten duen seinale.
Hala da. Pisu jaurtilariak, adibidez, zazpi bat gara. Hodei Lopez da gure entrenatzailea, eta oso gustura gaude berarekin.
Beste kirol batzuk probatu al dituzu?
Futbolean ere jokatzen dut, Ordiziako taldean. Euskarri postuan jokatzen dut, atzelarien eta erdilarien artean. Bi kiroletan jarraitzeko asmoa dut.