Lurkide Konpromezua aurkeztu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak
Lurkide Konpromezua aurkeztu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak, gaur eguerdian . “Herri erakundeak eta herritarrak aho-batez kontra egon arren, Industria eta Energia Ministeritzak proiektuaren tramitazioarekin aurrera darraite EAEko eta Nafarroako Gobernuaren ezkutuko konplizitate isilaren laguntzarekin”, azaldu du Iñaki Muruak. Egoera honen aurrean, proiektuak mehatxatutako herritarrok aurrerapauso bat egitea erabaki dugu Lurkide Konpromisoarekin, Geroa lurretik hasi-Defiende lo que amas lelopean, ondorengo akordioaren atxikimenduaren bitartez”:
Goi Tentsioko Linearen akordioari atxikitzen gatzaizkion talde eta pertsonok, eskumena duten instituzioei Nafarroa eta Gipuzkoa arteko 400kv-ko linearen proiektua bertan behera uzteko eskatzen diegu, inguru naturalean, osasunean eta produktibitatean onartezinak diren kalteak eragingo bailituzke. Proiketuarekin aurrera segitzekotan, lurra defendatzeko konpromisoa hartzen dugu, Itsaso, Deikaztelu eta Tafalla artean aurreikusitako 247 sostenguetako edo dorreetako baten kokalekua, hain zuzen ere, idatzi honetan azaltzen den dorreta zenbakiari dagokiona.
Akordio honek ondorengo konpromezuak ditu:
-Egokitutako kokapenean lurra defendatzeko beharrezkoak ikusten diren ekintzak egitea, plataformak proposatuta eta 247 lurkidez osatutako asanblada orokorrak onetsita.
-Lan egiteko moldea eta garatuko diren ekintzak erabakitzeko eta iritzia emateko deituko diren asanbladetan parte hartzea.
-Proiektuaren inguruko informazioa jasotzea eta norberari dagokion taldera igartzea, elkartasun sare soziala sortzeko helburuarekin.
Honi lotuta, datorren larunbatean, otsailaren 15ean, Artikako (Nafarroa) Kultur Etxean lurkideen batzar orokorra egingo dute 11:00etan. Bertan, 247taldeen artean talde lanaren nondik-norakoak adosteko eta hemendik aurrerako ekintzat erabakiko dituzte.
247 kokaleku horietatik 28 Goierriri dagozkio: bi Idiazabali, zazpi Zegamari, hiru Segurari, lau Zeraini, hiru Mutiloari, hiru Gabiriari, eta sei Partzoneriari. Kokaleku hauetako bakoitza hainbat motatako talde desberdinek babestu dituzte. Orain arte Lurkide egin ez direnek, oraindik ere badute egiteko aukera, plataformako kideei esanda.
Ekitaldira, plataformako kideez gain, Goierriko hainbat pertsona ezagun inguratu dira, euren babesa erakustera: Besteak beste, Iñaki Azurmendi, Angel Arrospide, Joxe Mari Esnaola, Juan Jose Unanue (Goenatxo II), Mieltxo Saralegi, Iñaki Murua, Iker Zubeldia, Xabier Mendiguren, EHNEko kideak, eta abar.