Hondakinak sailkatu gabe ateratzeak dakarren kostua ordiziar guztiek ordaindu behar al duten galdetu du Udalak
Ordiziako udal gobernu taldeak agerraldia egin du gaur goizean hondakinen kudeaketaren gainean EAJ eta PSEko ordezkariek joan den astean egindako kritikak direla-eta. Oposizioko alderdiei egungo birziklatze datuak hobetzeko moduko edozein proposamen badute mahai gainean jartzeko eskatu die Igor Eguren alkateak; baina euren proposamena “herria zikintzen uztea” bada erantzuna ezezkoa dela aurreratu die.
Herritarrak “Ordizia garbiago eta iraunkorrago baten alde” egiten ari diren ahaleginagatik zoriondu nahi izan ditu Egurenek. Ahalegin horri esker %36 birziklatzetik, %78ra pasa direla-eta, Sasieta Mankomunitatea Gipuzkoan zein Euskal Herrian erreferente dela nabarmendu du.
Duela bi aste iragarri zuten sistema berrira egokitu ez eta hondakinak bereiztu gabe, poltsetan, ateratzen zitutzen bizilagunak zigortzen hasiko zela Sasieta Mankomunitatea. EAJ eta PSEk kritikatu egin zuten erabaki hori. Gutxi horiek gaizki egiteagatik, hondakin bilketan zerbitzu berezi bat behar dela gogorarazi du alkateak eta horrek gain-kostu bat dakarrel: “Zilegi al da guztiok ordaintzea bakar batzuek gaizki egiten dutena? Ala gaizki egiten duenak berak ordaindu behar du?”, galdetu du. Udalak informazio, heziketa eta kontzientziazioaren bidez herritarrak ondo egin dezaten bultzatzen jarraituko duela esan du Egurenek.
EAJk zein PSEk Legazpi edo Lazkaoko bilketa sistemak eredu gisa jarri ondoren; Egurenek gogorarazi du abenduko udaleko osoko bilkuran onartu zutela ez dutela daturik sistema haiek hobeak direla esateko. “Beasainen ondo egiten dutenei hobariak aplikatzen dizkiela azpimarratzen dute. Ahaztu egin zaie esatea Beasainen zabor tasan %34,6ko igoera aplikatu dela eta bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenentzat %8koa. Ordizian berriz, zabor tasa KPIa 1,5 soilik igo da”, esan du.
Iban Asenjo zinegotziak, berriz, EAJko eta PSEkoak “Bilduk kudeatzen dituen herrien adibideak” jartzen ari direla nabarmendu du. “Izan ere, hondakinen kudeaketan erreferentea Bildu da eta horren froga dira kudeatzen dituen herrietan lortzen ari diren birziklapen tasak. Normala da, beraz, EAJ eta PSEk guk kudeatzen ditugun herri horiei begira egotea, izan ere, beraiek kudeatzen dituztenei begira jarriz gero oso gutxi dago ikasteko, edo beharbada, ezer ez”, esan du Asenjok.