"Bizia bezain hauskorra" izango da Euskal Herriko Itzuliko Ordiziako etapa
Ordiziako Udalak eta Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia antolatzeaz arduratzen den Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak azaroan sinatu zuten 2014ko Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Ordizian hasteko lankidetza hitzarmena. Hainbat hilabetetako lanaren ondoren, gaur goizean eman dituzte apirilaren 7ko lehen etapa horren xehetasunak Ordiziako udaletxean.
Goierri inguruko bideak aztertzen aritu ondoren, 153,4 km-ko ibilbidea diseinatu dute. Jose Luis Arrieta Euskadiko Txirrindulari Federazioko lehendakariak etapa “ikusgarria” izango dela ziurtatu du; “txirrindulariek euren onena eman beharko dute, ikusiko da zein mailatan datozen”, esan du Igor Egurenek.
Eguerdiko 13:15ean abiatuko da lasterketa Ordiziatik eta, aurreikuspenen arabera, 17:20an izango dira lehenbizikoak helmugan. 153,4 km-tan 7 mendate puntuagarri gaindituko dituzte eta hiru tarteko helmuga. Punturik ikusgarrienetako bat Zaldibiatik Gaintzarako igoera izango da. Herrigunetik, Zubi-Ondo jatetxearen ondoko bidegurutzetik zuzenean Gaintzara doan baserri bideetatik igaroko da Itzulia. Arrietak eman dituen xehetasunen arabera Zaldibiatik Gaintzara 2,700km ditu bide horrek; horietatik 1,700 maldan gora. Zatirik gogorrenak (700m) %20ko desnibela du.
Gaintzaz gain, Abaltzisketa, Orendain, Larraitz, Lazkaomendi edo Gabiria ere zeharkatuko ditu Itzuliak. Ibilbideak “txispa” izan behar duela esan du Arrietak; “txirrindulariak urduri jartzeko modukoa izango da”, esan du. Hala ere, txirrindulariak goi mailakoak izango direla esan du antolatzaileak.
World Tourreko 18 talde izango dira Ordiziako etapan; beste zortzik ere eskaera egina omen dute. Aipatu dituztenen izenen artean daude Alberto Contador, Alejandro Valverde, Cadel Evans, Samuel Sanchez eta Tony Martin, besteak beste.
Ikusleentzat ere gozatzeko moduko etapa izango da. Gaintzako igoera ikusgarriaz gain, Larraitzeko gainetik, esate baterako, hirutan pasako dira. Gabiriatik, Liernia, Mutiloa, Zerain eta Segura zeharkatuta, Olaberriara igoko dira Aranguren baserri ondoko bidetik.