Ataungo museoak eta sagardotegia eskaintza turistiko berean txertatu dituzte
Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Ataungo Urbitarte sagardotegiak eskaintza turistiko bateratu bat antolatu dute, bisitarientzat. Herriko natur edo kultur baliabideak ikusi ondoren, sagardotegian otordua egiteko plana da, aldaera desberdinekin.
Bi aukera jarri dituzte. Batean, Barandiaran Museoa eta alboko multzo hidraulikoak ikusiko ditu bisitariak. Joxe Migel Barandiaranen lana eta pertsona ezagutaraziko zaie, eta errota nahiz zerrategia martxan ikusiko ditu. Ordu eta erdiko iraupena du bisita gidatu horrek.
Jarraian, Urbitarte sagardotegian beste bisita gidatu bat egingo dute, ordu eta erdian, «sagardoaren kulturaren funtsa ezagutzeko». Urbitarten bertan sagardotegi menuko bazkaria edo afaria eginez bukatzen da lehen aukera. 29 euroko prezioa du.
Bigarren aukeran, aurreneko zatia aldatzen da: Lizarrusti-Lareo mendi ibilaldi gidatuan hiru orduko txangoa egitea da plana. Babes guneen garrantzia, gizakiaren aztarna naturan, ekosistemak, bertako fauna eta flora, nahiz ur edo baso ustiapenen berri jasoko du bisitariak.
Ondoren, Urbitarteko bisita gidatuarekin eta otorduarekin osatuko da eskaintza. Horren prezioa 30 eurokoa da.
Bisita-sorta turistikoa urte guztian eskainiko dute Parketxe Sareak eta Urbitartek, goizez bezala arratsaldez, asteartetik igandera. Maiatzetik abendura, asteazkenetan ez dute zerbitzua emango. Aurrez erreserba eginda eta gutxienez 15 laguneko taldea bilduta soilik gauzatu ahalko da. Haurrek 15 euro ordainduko dute.
Ordutegia aldatu du museoak
Barandiaran Museoak bisitarientzako ordutegia aldatu du, aurtengorako. Otsail, apiril, uztail, abuztu, urri eta azaroan egun jakin batzuetan soilik irekiko dute: ostegunetan eta ostiraletan (10:00-14:00); eta larunbat, igande eta jaiegunetan (10:30-14:30).
Beste hiletan asteartetik ostiralera (10:00-14:00) ere irekiko dute, eta asteburuetan (10:30-14:30).