Gipuzkoa barnealdeko bizkarrezurra
http://youtu.be/WXYFuv7sUyY Beasain-Durango errepideko lanak azken txanpan sartu dira Gipuzkoako eremuari dagokionean. Urretxu eta Antzuola batuko dituen eremuko lanak eta Antzuola eta Bergara lotuko dituztenak martxan daude une honetan. Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak berriki esan duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lan handia egiten ari dira errepide berria 2015eko apirilerako errealitatea» izan dadin. Behin lan hauek amaituta,Gi-632 errepide berriak 23 kilometro luze izango ditu, eta norabide bakoitzean bi errailekoa izango da.
Errepidea bere osotasunean bukatzeko bi zati falta dira, eta biak eraikuntza fasean daude une honetan. Urretxu-Antzuola zatia 2011ko uztailean hasi zen eraikitzen Bidegi, 39 hilabeteko epearekin. Horren arabera, «obra zibila 2014ko urrirako amaituta egongo da, eta 2015eko urtarrilerako instalakuntza guztiak jarrita», Ugartek esan duenez. Guztira, 2,8 kilometro luze da eta lanen aurrekontua 46,8 milioi eurokoa da.
Bide zati honen ezaugarri nagusia Deskargako mendatea saihesteko tunela da. Guztira, 708 metroko luzera du, eta Alberto Gonzalez lan hauen Bidegiko arduradunak esan duenez, tunela zulatzeko «sistema austriarra» erabili dute. Lanak bi fasetan gauzatu direla esan nahi du horrek: «Lehenengo fasean erdialdetik gorako zatia zulatu dugu, eusteko sistema ezarriz, eta bigarrenean, gainerako zatia zulatu eta eutsi dugu».
Beasain-Bergara ardatzeko azken zatia Antzuolatik Bergarara artekoa da. Lan hauek 2013ko urtarrilean hasi zituzten aldundiaren ardurapean, eta obra zibila amaitzeko epea 25 hilabetekoa izango da. Ugartek esan duenez, «lanak martxa onean doaz» eta aurreikuspenak betetzeko moduan izango dira. Horren arabera, zati hau 2015eko apirilerako amaituta egon behar da. Aurrekontua 41 milioi eurokoa da.
Zati honek 4,8 kilometro ditu, eta duen ezaugarri nagusiena eraiki beharreko bost bidezubiak dira. Antzuola saihesteko hiru bidezubi eraikiko dituzte: Ipurtika (205 metro), Antigua (262 metro) eta Lapatza (81 metro). Eta Deskarga ibaia saihesteko beste bi: Antzuola (180 metro) eta Igeribarerrota (76 metro). Bergarako lotunea Benta Berri auzoan ezarriko da, eta bertatik AP1erako lotura egingo dute.
Aldundiarentzat errepide hau «oso garrantzitsua» dela esan du Ugartek, «Gipuzkoa eta Euskal Herria egituratzeko estrategikoa» delako. Obra «eredugarri» izatea ere nahi dutela esan du, sindikatuekin elkarlanean egindako hitzarmenak eta diru publikoaren gainean egindako «kontrol zorrotza» azpimarratuz.
Errepide berriak ordainsaria izango duen ez dute argitu
Beasain-Durango errepideak ordainsaria izango duen ala ez, ez du argitu oraindik aldundiak. Larraitz Ugarte diputatuak, dena den, obraren proiektua «aurreikusitako neurrien arabera» egingo dela aurreratu du, eta ordainsariak jarri ahal izateko plataformak eraikiko direla baieztatu du.
87,8 Milioi euro
Horixe da une honetan lanetan dauden errepidearen azken bi zatiek duten aurrekontua. Bidegi egiten ari den Urretxu eta Antzuola arteko zatiak 46,8 milioi euroko aurrekontua du, eta aldundiaren eskumenekoa den Antzuola-Bergarakoak 41 milioi eurokoa.Lur mugimendu handiak Urretxu-Antzuola zatian
Deskargako mendatea saihesteko tunelak egiteko lur mugimendu handiak egin behar izan dira, eta horrek lanak zaildu eta garestitu ditu. Guztira, 1.700.000 metro kubiko lur mugitu dituzte, eta horietatik 900.000 tunelaren Antzuolako aldean 45 metroko altuerako pendiz bat egiteko aprobetxatu dituzte.9.513 Ibilgailu Deskarga gainean
Horixe da egunean Deskargako mendatetik igarotzen den ibilgailu kopurua. Gainerakoan, errepide zati erabiliena Beasain eta Zumarraga artekoa da. Guztira, 16.702 ibilgailu mugitzen dira egun bakar batean bide zati horretan.Orografiak eta eguraldiak baldintzatutako lanak
Urretxu eta Antzuola batzen dituen eremuaren orografia malkartsua dela eta, egin behar izan diren lur mugimenduek aurreikusi gabeko egonkortasun arazoak sortu dituzte zenbait lekutan. 2012ko urritik 2013ko apirilera euri asko egin zuen eta horrek ere lurrak egonkortasuna galtzea ekarri zuen.- ELKARRIZKETA – Iban Asenjo: «Obra honekin azpiegitura handien aroa amaituko da aldundiarentzat»













