Goierriko Stop Kaleratzeak plataformak Kutxa salatu du, Ordiziako familia bati gehiegizko klausulak jarri dizkiolakoan
Goierriko Stop Kaleratzeak etxegabetzeen aurkako plataformak Kutxabanken aurka jarritako salaketa epaiaren zain geratu da, gaur, Tolosako auzitegian. Ordiziako familia batek etxearen hipoteka ordaindu ezin, eta etxea kendu zioten. Oraindik 200.000 eurotik gorako zorra ordainkizun duela leporatzen dio Kutxak. Stop Kaleratzeak elkarteak Kutxak gehiegizko klausulak ezarri dituela salatu du, eta zorra barkatzeko eskaria egin du.
Etxegabetzea 2012. urtearen hasieran gertatu zen, Ordizian. “Lauzpabost urte lehenago erosi zuen etxea gizonak, Errumaniatik etorrita. Ordurako jada merkatuko prezioa baino askoz prezio altuagoan saldu zioten. Engainua egon zela pentsatzen dugu, ez baitu gaztelania ondo menperatzen”, azaldu du Stop Kaleratzeak plataformak. Etxegabetzearen lehen unean bizilagunek lagundu zieten auziari aurre egiten, Ordiziako Bake Epaitegiaren bidez, baina hilabete bat edo beste soilik atzeratu zen etxe galtzea.
Gaur egun, kendutako etxea hutsik dagoela eta “hondatzen” ari dela deitoratu du plataformak. “Bien bitartean, familia hau alokairuan bizi da, beste etxe batean. Eta Kutxak 200.000 eurotik gora eskatzen dizkio oraindik, etxea kendu ondoren”.
Epaileak gehiegizko klausulak daudela ebaztea eskatu du plataformak, aurrerantzean zorra barkatzea lortzeko. Epai saioak iraun duen bitartean, protesta bilkura egin dute Goierriko Stop Kaleratzeak taldekoek.