Koldo Zubeldiak eta Pello Ramirezek poesia eta musika uztartuko dituzte
Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrak azken aldian ondu dituen olerkien irakurketa egingo du, herrikideen aurrean, ostiralean. Aurreko urteetan bezala, Pello Ramirez musikari ordiziarrak girotuko du errezitaldia, esku-soinuarekin. Idazleak Harriaren tasunak jarri dio saioari izenburua. Karreane kultur etxean da, etzi 19:30ean hasita.
Laugarren errezitaldia dute elkarrekin, azkeneko bost urteotan. «Pello Ramirezek lagundu izan dit beti. Lehen urtean soinua jo zuen, eta beste bietan biolontxeloa». Etziko ekitaldian atzera esku-soinuarekin agertuko da.
Zubeldiak, bere aldetik, ehun-bat olerki irakurriko ditu, horietatik 20 iaztik hona sortu dituen berriak. Gainontzek 80etatik, batzuk lehen ere errezitatutakoak dira. Ordubete inguruko iraupena edukiko du saioak.
«Herria, Oria erreka eta Nañarri ditut inspirazio iturri, baita herriarekin bizi ditudan momentu eder horiek ere. Intimitate sakon horrek eta herriko hizkuntza menperatzeak inspiratzen nauten natura kontenplazio eta erantzun erritmiko eta errimadunekin egiten ditut olerkiak. Nire ustez maila oneko olerkiak dira», dio Zubeldiak.
Errezitaldiarekin, bere olerkiak jendeari gustatzea lortu nahi du poetak, eta «lanean segitzeko indar pixka bat biltzea».