Merino anai-arreben ‘Asier ETA biok’ dokumentala eskainiko du zineklubak
Asier eta Aitor lagunak dira haurrak zirenetik. Bizitzak bide ezberdinak hartzera eraman ditu biak, baina euren laguntasuna guztiaren gainetik mantendu dute gaur arte. Asier Aranguren ETAko kide izan zen eta zortzi urte eman zituen kartzelan horregatik. Aitor Merino, aldiz, aktorea da, eta egun Madrilen bizi da. Harreman hori oinarri hartuta, ia ustekabean sortu da Asier ETA biok izeneko dokumentala, Merinok bere arreba Amaiarekin batera ekoitzi duena.
Javier Arrieta eta Maria Jesus Auzmendi Legazpiko zineklub taldeko kideek aurreratu dutenez, Asier ETA biok dokumentala Legazpin izango da ikusgai asteburu honetan, «larunbatean 22:15ean eta igandean 19:30ean». Zineklubak ahalegin berezia egiten du urtero «euskal zinemagileen ekoizpenak herrira ekartzeko», eta hau ez da salbuespena izan. Larunbateko saioan gainera, «Amaia Merino zuzendarietako bat Legazpin izango da filma aurkezten», Arrietan baieztatu duenez.