Sortuk EAJ-PNVri erantzun dio, esandakoak "gezurra" direla esanaz
EAJ-PNVren prentsaurrekoan esan ziren hainbat gauza “gezurra” direla azpimarratu zuten: “Gezurra” dela 2013ko ekainean alkateak emandako prentsaurrekoan inoren aurkako akusaziorik egin zuenik, baizik eta aurreko gobernuaren kudeaketan agertutako “irregulartasunaren berri eman eta jarraitu beharreko prozedura azaldu” zela soilik. “Gezurra” dela garai hartan azaldu ziren txartel eta pintadekin Sortuk zerikusirik zuenik, eta EAJ-PNVk hori badakiela diote: “PNVk behin eta berriz errealitatea manipulatzeari ekiten dio bere ardura sahiesteko” zioten.
Hori gutxi balitz, ofentsiba mediatikorik ez dagoela dio Sortuk: “PNVk jo du komunikabideetara, zarata artean benetako arazoa ezkutatu nahirik”. “Gure asmo bakarra, udalak eta ondorioz herritarrak kalterik jasan bazuen, hura zuzentzea da, hori baita edozein gobernurentzat arduraz jokatzea”.
Atzoko prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, uztaileko udalbatzan informatu zenez, PNVk bazekien txosten juridiko bat eskatuko zela eta hori iritsiko zela; beraz, gaiak bere bidea zeramala”. “Txosten juridikoa eskatzeko ebazpena uztailaren 29koa da. Eta urtarrilaren 30ean sartu zen Beasaingo Udalera, erregistroak agerian uzten uzten duen bezala. Beraz, berriz ere gezurra da gaia zortzi hilabetez lozorroan egon dela”, zioten. Txosten juridikoak “bere bidea jarraitu” duela esan zuten eta “orain udalean jarraitu beharreko bidean espediente bat irekiko” dela diote. Horregaik “udalari gaia aztertzen” uzteko eskatu diote EAJ-PNVri. “Kontuan hartu akusazio penal larriak daudela, prebarikazioa eta fondo publikoak bidegabe erabiltzea, prozesuak bere denbora behar du, denon gusturako gehiegi”.
Bizilagunak berriz ere tartean sartzea “manipulazio hutsa” dela diote, eta “inoiz ez” dela esan “falta diren 230.000 euro haiek bizilagunei oparitu zaizkienik”. “Inoren aurka egiteko asmorik ez” dutela eta “kalterik bada eta ardurarik badago, argitzeko” eskatzen dute.