EAJ-PNVk joan den astean Bista Alaiko kasuaren inguruan emandako prentsaurrekoaren ostean, Sortuk bere aldetik eman zuen prentsaurrekoa, eta gaur udal gobernukideek, EHBildukoek, eman dute beraien iritzia. Aitor Larburuk azaldu duenez “gezurra da beste txosten bat egin denik”, eta “hitzarmena eta errepartzelazioa onartzeko eskumen osoa eta esklusiboa” “aurreko legealdiko alkatearena da” eta horregatik “gainontzeko zinegotziak eta bertako bizilagunak nahasten saiatzea erantzukizunak bere gain ez hartzeko beste saiakera bat baino ez” dela dio.
“Ondorioz, hau da gakoa”, dio Larburuk: “zertan oinarritu zen Patxi Plazaola, aurreko legealdiko alkate zela, 460.000 euro kobratzeko, ez badago inolako txostenik kopuru hori jasotzen duenik?”. Garaiko udal arduradunek izan ditzaketen balizko erantzukizunen inguruan “aurre-juzgurik ez” duten arren, esku artean duten informazioa eta berme osoko txosten juridikoak ikusirik, “zigor espedientea irekitzea eta gaia fiskaltzaren esku jartzea erabaki” dutela jakinarazi dute.
Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, “iaz esan genuen bezala, diru publikoaren inguruko gardentasuna eta beasaindar guztien interesen babesa dira udal gobernu honen gidalerroak ea, ondorioz, gai honetan amaieraraino iristeko eta egon litezkeen erantzukizunak argitzeko konpromisoa erabatekoa da”. Bere hitzetan, udalak “ospe ezaguneko legelarien esku” jarri zuen espedientea pasa den urtean eta urtarrilean jaso berri dute legelariek egindako txostena.
Txosten honetan jaso dituzten ondorioak dira, espedientean erantzukizun administratiboen zantzu garbiak ageri direla eta ondorioz, alkateari dagokion balizko erantzuleen aurkako zigor espedientea irekitzea. “Zigor espedientea irekitzeak ez dakar aurre-juzgurik balizko erantzukizunen inguruan, baizik eta gaia guztiz argitzea eta balizko erantzuleek defentsarako eskubidea bermatzea du helburu”.
Aztertutako espedientearten arabera, “delitu penalen zantzuak ageri dira” dio Agirrek, “zehazki, prebarikazio administratiboarenak eta fondo publikoak bidegabe erabiltzearenak”. Ondorioz, “espedientea Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko fiskaltzaren esku jartzea gomendatzen du”: “prozedura penalak egon litezekeen balizko erantzukizun penalak ebatziko lituzte, baita indemnizazioak ezarri ere, Beasaingo Udalari sorturiko kalteengatik”.
Bestalde, delitu penalik ez dela egon ebatziko balitz, “udalak zigor espedientearekin jarraituko luke”, balizko erantzukizun administratiboak argitu eta hala badagokio, “udal altxortegiak eta beraz beasaindar guztiek jasandako balizko galera ekonomikoa berreskuratu asmoz”.