Udalek UFFFko 539.000 euro itzuli beharko diote aldundiari
Goierriko 22 udalek guztira 538.982,20 euro itzuli beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, 2013an lau ordainketatan UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jaso zuten diruaren %1,42. Iazko funtsaren itxiera orain egin du aldundiak, eta herenegun aurkeztu zieten herrialdeko 56 alkateri, Donostian. Tartean ziren Goierriko hainbat udalburu.
Aurrekontua baino 8,7 euro gutxiago egokitu zaie Goierriko udalei, likidazioa egin ondoren (%2,22 gutxiago). Defizit hori arindu egin da, ordea, aurreko ostegunean Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan erabaki zelako Eusko Jaurlaritzak konpentsazio bat ematea. Goierriko udalerrientzat 302.000 euro bideratuko dira.
Hala, azkenean %1,42 soilik itzuli beharko dute udalek, iaz jasotakotik. Aurtengo urtean zehar ordainketa lau epetan egiteko modua utzi die aldundiak, dena aldi berean otsailean jarri ordez.
Gipuzkoan zerga bilketa %3,28 hazi zen iaz, 2012arekiko. Aurrekontuaren %98,97ko betetze maila lortu zen. Hala eta guztiz, UFFF %0,92 bakarrik igo zen. Bi arrazoigatik: Espainiako Estatuarekin euskal erakundeek duten kupoa %161 hazi delako, eta balantzen eguneratzearen ondorioz Bizkaiko zerga bilketa asko handitu delako, Gipuzkoarenaz bestera. «Estatuarekin izandako desadostasunek ere zerikusia izan dute, BEZaren doikuntzen alorrean Estatuak bere gain harti dituelako zenbat sarrera», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Konpentsazio modura, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako aldundiari 7,8 milioi euro emango dio. Kopuru horretatik 3,1 milioi udalei dagozkie, eta UFFFren aurrekontuaren eta likidazioaren arteko 8,7 milioiko diferentzia 5,6 milioian geratu zaie herrialdeko 88 udalei.
2005eko mailan
Udalek finantzatzeko duten sarrera nagusia aldundiarengandik jasotzen duten funtsa da. Urtearen hasieran, zerga bilketa aurreikuspenaren arabera kalkulatzen da herri bakoitzari zenbat dagokion, biztanleriaren eta beste aldagai fiskal batzuen arabera. Urtea itxi ondoren, likidazioa egindakoa zehazten da berez zegokion dirutza.
Azkeneko sei urteetan aurreikuspena baikorregia izan da, eta udalek dirua itzuli behar izan dute, urtero. 2008an eta 2009an erorketa bortitza izan zuen zerga bilketak. 2010ean nabarmen hobetu zen, 2011n eta 2012an bere hartan mantendu zen, eta iaz «hobekuntza moderatua» izan zen.
Egoera, hala ere, krisia lehertu zen garaikotik «urruti» dago oraindik, nahiz aurreko urteetan apur bat gora egin. 2007an jo zen zerga bilketan sabaia; 2013an %14 azpitik geratu da, 2005eko balio berdinetan kokatuta.
UFFFren itzulketari dagokionez, 2013koa aurreko urtearekiko leunagoa izan da. 2012koagatik Goierriko udalek 1,3 milioi itzuli behar izan zizkioten (jasotakoren %4); 2011n 4,7 milioiko defizita geratu zen, aldundiaren alde; 2010ean 293.000 eurokoa; 2009an 9,4 milioikoa eta 2008an 5,1ekoa.
Zenbait udalek mailegua eskatu behar izan zuten, 2011ko itzulketak finantzatzeko. Bestetik, 2009koa kitatzeko, hiru urtetan ordaintzeko aukera jarri zien aldundiak aurreko legealdian. Udalek iaz bukatu zuten atzeratutako zor hori ordaintzen.