Gipuzkoako skate lehiaketa Lazkaon hasiko da, 6 urtetik 18ra arteko irristalarientzat
Goierri Roller-Skate elkarteak Gipuzkoako skate txapelketako aurreneko proba baliagarria Lazkaon antolatu du. Lehiaketa larunbatean izango da, egun osoan. 11:30ean hasiko dira, eta 19:00etan bukatuko da. Izen-emate ordua 12:30a arte jarri dute, 5 euro ordainduta (jan-edanak eta bazkaria barne). Sei urte beteta dituzten haurretatik hasi, eta 18 urte bete gabe dauzkaten nerabeek parte har dezakete.
San Prudentzio eskolaren ondoko irristaketa pistan jokatuko da lehiaketa. Euria egiten badu, Joxemiel Barandiaran kiroldegian. Euskal Herriko edozein irristalari lehia daiteke, jaiotza dataren berri ematen duen agiri bat aurkeztuta.
Gipuzkoan lau saio
Gipuzkoan barrena lau jardunaldi izango ditu skate txapelketak. Lazkaon etzi jokatu ondoren, martxoaren 22an Bergaran, apirilaren 12an Oiartzunen ta maiatzaren 17an Donostian jokatuko da. Hain zuzen, lehen hiru saioetatik irristalariak sailkatu egingo dira Donostiako finalerako.
Adinka, hiru maila bereizi dituzte —12 urtez behekoak, 15 urtez behekoak eta 18 urtez behekoak—, eta bakoitzetik aurreneko hirurak joango dira azkenera. Donostiako skate saioan Arabako eta Bizkaiko sailkatuek ere parte hartuko dute.