Ijito galdaragileen festa ospatuko dute Ordizian eta Itsasondon, etzi
Inauteriak iragarri ohi dituzte hungariar jatorriko ijito galdaragileek. Astebete lehenago, ohitura dute Ordizian desfile koloretsuak egiteko. Azken urteetan Itsasondora ere zabaldu da festa. Larunbatean ospatuko dute.
Itsasondoarrek herritarrei izengoitia ematen dien pertsonaia —ijitoa— ohoratuko dute, gainera. Ospakizunak etzi 17:00etan hasiko dira. Plazan elkartu, eta herri gunean desfile burrunbatsua egingo dute, galdaragilez jantzita zartaginak joz.
Iluntzean, Bizi Nai elkartera bilduta, egunari ezin hobeto datorkion pastel berezia prestatuko dute haurrek eta gurasoek: ijito besoa. Afari-merienda ere elkartean egingo dute, bakoitzak eramandako janariarekin eta Guraso Elkarteak ipinitakoekin.
Ordizian, zozomikotea berri
Egun osoko festa antolatu dute Ordizian. 12:00etan galdaragile txikien desfilea hasiko da. Jakintza, Urdaneta, musika eskolako haurren banda eta dantzari txikiak irtengo dira. 13:00etan, larriek zeharkatuko dituzte kaleak, Umore Ona abesbatza eta Laguntasuna errondaila lagun hartuta.
Aurtengo festan berritasuna zozomikotea da. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak asmatu du pertsonaia, eta Urrup antzerki taldekoek aurkeztuko dute, 19:00etan, Nikolas Lekuona Plazan. Aurretik, 18:00etan, haurrentzat txokolatea banatuko dute.
Kalejira nagusia 19:00etan abiatuko da, zozomikote eta guzti. Ordiziako Txistulariek, Santa Ana, Oroith Txiki eta Larrun Arri abesbatzek eta Barikuan taldeek ere parte hartuko dute.
Zozomikotea erre egingo dute, 20:00etan, «sutan garbitzeko».