Lehen ilarrak, garesti bezain preziatuak
Urteko nobedade preziatuenetakoa izan ohi da ilarra. Aurtengoa negu bustia bai, baina hotz handirik gabekoa doa, eta hori lagun, negutegi barneko lehen ilarrak ekarri zituzten atzo Ibarrako Montesenekoek, garaiz aurten. «Utrillo motakoa da,ilar motza» aipatu digu Patxi Izagirre Iparragirrek. Hauxe da merkatuko landarerik garestiena, izan ere 12 eta 14 euro artean saltzen da kiloa, leka eta guzti; 180-200 gramo inguru pisatzen dute kilotik ateratako aleak. Grelo berria eta udaberriko aza ere hasiak dira.
Bestalde, landare kontuei dagokionean, Monteseko Patxiren esanetan «oraintxe gaude lurra goldatzeko edota tipula edo marrubiak landatzeko garai egokian; izan ere, ilbeheran egoteaz gain, igandera bitartean jeisten segiko du ilargiak, eta ondoren hasiko da igotzen».
Jada aspalditxotik daude aukeran tipulinak, urteko tipula gorria eta zuri buruzabala, 3 euroan ehuneko sorta. Azalora landare berriak ere badira (0,10 bakoitza). «Irailean izan ohi den mota bera da, 3 hilabete barru jateko prest izango dira hauek, oso esker onekoak dira». Marrubia berriz, bakoitza 0,70ean da salgai. Bestalde, hazitako lehen patata kiloak ekartzen hasia da Jabier Lacalle aguraindarra, baina oraindik aguro dela aitortuz: «lurrak beroa behar du, hobe da itxoitea».
Zuhaitz landareen salmenta
Loreei erreparatuz, bitxikeria moduan San Severia Cilindro delakoak zituen Mapi Gartziak Barazki bizidunak postuan, eta Cydonia japoniarraren adarrak Juanita Murgiondorenean, oraintxe lore gorri dotereekin hostotu arte deigarri izan ohi dena. «Hemen ez du jendeak erosteko ohitura handirik, aldiz, larunbateko Zumarragako ferian mahaira atera orduko eramanak izan ziren». Denetariko gustuak feriaz feria.
- Aste honetako prezioak