Ordiziatik lau abiadura lasterkari joango dira Espainiako txapelketara
Ordiziako atletismoaren historian inoiz gertatu ez bezala, aurten Txindoki Taldeko lau abiadura lasterkarik hartuko dute parte Sabadellen (Katalunia) egingo den Espainiako pista estaliko txapelketan. Lau horiei gehitu behar zaie Alazne Furundarena ordiziarra, Atletico San Sebastianekin aritzen da. Ion Etxeberria itsasondoarrak prestatu ditu Nerea Galparsoro, Ainhoa Argandoña, Octavian Romanescu eta Janire Agirre.”Entrenatzailea egiten ari den lana hasi da lehen fruituak ematen; Ordiziakoa Euskadiko abiadurako puntako talde bihurtu du”, diote Txindoki klubekoek.
Alazne Furundarenak 60 metrotan egingo du lasterka; 7:45ko bere marka gainditu eta podiumaren bila joango da. Nerea Galparsorok 25:17eko marka hobetzeko helburua du 200 metrotan; Ainhoa Argadoñak proba berean 25:67ko marka du eta Janire Agirre ataundarrak 25:76koa. Gizonezkoetan, Octavian Romanescu 60 metrotan lehiatuko da; 6:99ko marka du. 200 metrotan berriz, 22:29ko marka hobetuko nahiko du.
Alazne Furundarena eta Eneko Agirrezabal, Euskadiko txapeldun
Joan den asteburuan egin zen Donostian Euskadiko txapelketa. Bertan, Alazne Furundarena ordiziarrak 60 metrotako eta 200 metrotako txapela lortu zuen; 7:58 eta 24:32 denborarekin hurrenez hurren. Nerea Galparsoro bigarren gelditu zen 200 metrotan, bertan lortu zuen 25:17ko marka pertsonala. Janire Agirrek laugarren egin zuen proba berean 25:77 denborarekin. Laugarren postua lortu zuen Ainhoa Argandoñak ere, baina kasu honetan 60 metrotan, 7:96ko denborarekin.
Gizonezkoetan Eneko Agirrezabalek txapeldun titulua lortu zuen 3.000 metrotan 8:33:08 denborarekin, bere marka ere gainditu zuen. Bigarren postua Sergio Romanentzat izan zen proba berean, 8:41:65 markarekin Gipuzkoako 35 urtetik gorakoen denbora hobetu zuen. Egoitz Iztuetak, azkenik, brontzezko domina eraman zuen 1500 metrotan, 4:28:21 denborarekin.