Sistema mistoari esker gaikako bilketa %78ra igo da Legazpin
Legazpin azarotik martxan dagoen sistema mistoari esker, aurrez ezarritako «gaikako bilketaren helburuak betetzea» lortu dela esan du Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzuburuak udaletxean egin duten aurkezpenean. Hasierako helburua sistema berriarekin gaikako bilketa «%73 eta %81 artean kokatzea» bazen, hiru hilabetetan lortu den batez besteko kopurua «%78koa dela» zehaztu du, datu «oso ona» dela ondorioztatuz.
Hala, Legazpin jasotzen den hondakin guztiaren «%22 baino ez da errefusa». Legazpiren ezaugarri berdinak dituzten, eta 5. edukiontzia duten mankomunitateko beste herri batzuek «jasotzen dutenaren herena», doitu du. Bestalde, jasotako guztiaren «%33 hondakin organikoa da». Horietatik «%70 5. edukiontziaren bitartez jasotzen da, eta %30 atez ate». Sistema batean edo bestean izena eman duten familien kopuruarekin «bat datorren datuak» dira hau. Bestalde, sistema mistoarekin jasotzen den organiko kopurua «bost edukiontzitako sistema duten mankomunitateko herrietan baino 2,2 aldiz handiagoa da».
Emaitzak «oso onak»
Gainontzeko hondakinei erreparatuta «ontzien kasuan lehen baino %55 gehiago jasotzen da, papera eta kartoia %25 gehiago eta beiraren kopurua mantendu egin da». Erauskinen iritziz datu hauek areagotu izana «edukiontzi berdea kendu izanaren ondorio zuzena» da.
Datuak alor ekonomikora eramanda, sistema mistoarekin Legazpiko udalak «hileko 11.000 euro aurrezten dituela» esan du Sasietako ordezkariak. Hiru hilabete hauetako datuak urte osora estrapolatuta, «urteko guztira 130.000 euro aurreztuko dira». Baina, datu hauek behin behinekoak direla eta denborarekin «hobetu» daitezkeela uste du Erauskinek.