Edukiontzi sistemaren aldeko sinadura bilketa hasiko du plataformak
Legazpiko Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak edukiontzi bidezko hondakinen bilketa sistema baten aldeko sinadura kanpaina martxan jarriko duela aurreratu du prentsa ohar bidez. Diotenez, herrian proban dagoen sistema mistoak «argi utzi du edukiontzi bidezko bilketak funtzionatzen duela». Eta atez ateko sistema baino «6,3 aldiz merkeagoa» dela baieztatu dute.
Kanpainaren inguruko xehetasunak argitzeko bi deialdi egin ditu plataformak aste honetarako. Lehenengoa asteazkenean izango da 18:30ean kultur etxean eta bigarrena ostegunean, 19:00etan Domingo Agirre ikastetxean. Kanpaina honen bitartez, «egun pixoihalak bakarrik jasotzeko erabiltzen den edukiontzi grisa errefus guztia jasotzeko erabiltzea» exijitu nahi diote alkateari.
Bilerak etzi eta ostegunean
Orain martxan dagoen gaikako bilketarako sistema mistoaren gaineko irakurketa ere egin du plataformak. Azken hilabeteetako «emaitza onak» eskuan, edukiontzi sistema «guztiz eraginkorra» dela ondorioztatu dute, atez atekoak suposatzen duen kostua «justifika ezina» den bitartean.
Alkateak «herritarren nahiak beteko dituela eta, bilketa tasa altuenak ematen dituen sistemaren alde egingo» duela behin baino gehiagotan esan duela dio plataformak. Horregatik, herritarrei edukiontzi bidezko sistema baten aldeko jarrera berresteko deia luzatu diete beste behin.












