Olaberritarrek sukaldean estutu dituzte harremanak
Herrialdeen Eguna ospatu zuten, atzo, Olaberrian. Ehunka lagun bildu ziren pilotalekuan, zortzi herrialdetako postuetan prestatutako jakiak eta edariak dastatzeko. Olaberrian bizi diren jatorri desberdinetako bizilagunek antolatu zuten norbere postua. Hego Euskal Herria bi postutan bereizita jarri zuten —”Euskadi” eta Nafarroa, ikurrinarekin eta nafar bandera gorriarekin identifikatuta—, Galizia, Valentzia (Herrialde Katalanak), Errumania, Maroko eta Espainiako Asturias eta Gaztela eta Leon zeuden ordezkatuta.
Bakoitzeko jaki ezagunenak eman zizkieten bisitariei. Sarrera 3 euro ordaindu, eta nahi beste jan ahal izan zen. Valentziak lehendabiziko aldiz eduki du postua, eta paella prestatu zuten. Galiziarren olagarroa, asturiarren Cabrales gazta eta sagardoa, marokoarren kuskusa eta taloak, euskaldunek txerrikiak eta tripakiak, gaztelarren arkumea nahiz odolki frijitua… denetik eskaini zuten.
Aurten, herrialde nabarmendua Errumania izan da. Hango kultura, artea eta paisaiak erakutsi dituzte telebista-pantailan errumaniar jatorriko goierritarrek. Jantzi tradizionalak soinean zituztela zerbitzatu zuten.






























