Datorren astean hasiko da Iparra-Hegoa jaialdia girotzeko ‘Abian gara’ ekitaldi sorta
Euskal Herriko Iparraldea eta Helgoaldea elkartzeko antolatzen duten Iparra-Hegoa egitasmoa abian da. Ekitaldi nagusiak martxoaren 31tik apirilaren 6ra egingo badituzte ere, otsailaren 14an ekimenari buruzko bideoa aurkeztu zuten eta datorren ostegunetik aurrera makina bat ekitaldi egongo dira. Abian gara! du izena martxoaren 31 bitarteko programak.
Botikaxaharren antzerki eta musika emanaldiak egongo dira. Hasteko, hilaren 13an Iparraldeko Kiribil antzerki taldeak Orobil borobila haurrentzako ikuskizuna eskainiko du. Emanaldia 17:00etan hasiko da.
Hurrengo egunean, 19:00etan, Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak Koka Kola eta barea antzezlana eskainiko dute. Lan horretako protagonistak Ez Dok Amairu taldean parte hartu zutela dioten bi lagun dira. Taldea nola sortu zen azalduko dute eta hainbat sekretu ezagutzera emango dituzte. Adibidez, eurek aholkatuta utzi zuela bizarra Xabier Letek eta abesten duela ahotsa urratuta Benito Lertxundik.
Hilaren 21ean, berriz, H-Eden folk talde lapurtarrak kontzertua emango du. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Astebete beranduago, hilaren 28an eta ordu berean, Nafarroa Beheko Aire ahizpek abestuko dute Botikaxaharren. Aire ahizpak Xalbador bertsolariaren bilobak dira eta euskal kantak a capella abesten dituzte.
Erakusketei dagokienez, datorren asteko larunbatean Elkar ezagutzetik, elkar aitortzera-Herriz herri zubiak eraikitzen izenekoa irekiko dute Botikaxaharren. Erakusketa hori naziotasun eskubidearen ingurukoa da. Euskal Herriaren nazio izatearen, eskubideen urraketen eta nazio eraikuntzaren berri ematen du. Horretarako, 18 panel eta bideo proiekzio bat erabiltzen ditu, besteak beste.
Erakusketa hilaren 23a bitartean egongo da Segurako Botikaxaharren. Hurrengo egunean, Gure lurra, gure etorkizuna izenekoa irekiko dute. Bertan, agroindustria, klima aldaketa, txirotasuna, agroekologia, Via Campesina ekimena, elikadura burujabetza, nekazaritza iraunkorra, irtenbideak eta etorkizuna jorratzen dituzte, besteak beste.
Bi erakusketak 19:00etatik 20:00etara irekiko dituzte astegunetan, eta 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:00etara asteburuetan.
Hirugarren eta azken erakusketa hilaren 28an irekiko dute, kultur etxe zaharrean. Apirilaren 6a bitartean, Joxemari Telleriak egindako Segurako marrazkiak ikusi ahal izango dira. Kultur etxe zaharreko ateak 18:00etatik 20:00etara irekiko dituzte astegunetan eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara asteburuetan.
Hilaren 31tik aurrera
Hilaren 31n, berriz, Iparra-Hegoa bera hasiko da. Egitasmoaren aste nagusia, hain zuzen ere. Aurtengo gai nagusia Lehen Mundu Gerra izango da. Izan ere, Lehen Mundu Gerra duela 100 urte hasi zen eta Iparraldean frantses izaera zabaltzen lagundu zuen. Gerra, amildegi eta zubi lemapean, hitzaldiak egingo dituzte. Frantziako Iraultzaz, Lehen Mundu Gerraz eta 36ko gerraz hitz egingo dute.
Bestalde, Ortzaizko ikastolako haurrak Segurara joango dira. Bi egun egingo dituzte bertako eskolako haurrekin. Gainera, ostegunean Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariekin, eta Kuxkuxtu txarangarekin bertso poteoa egingo dute. Ostiralean afaria eta kontzertuak egingo dituzte herriko plazan.
Aurten ere, azoka larunbatean egingo dute. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ekoizleek parte hartuko dute. Helburua bertako produktuen kontsumoa bultzatzea da. Egun berean, mendi irteera, gazteentzako ekitaldiak, ardo dastatzea eta dantzaldia egongo dira.
Bukatzeko, igandean, apirilaren 6an, musikariak eta dantzariak egongo dira eta sukalki txapelketa eta kantu bazkaria egingo dituzte. Bazkaltzen hasi aurretik urteroko moduan, Euskal Herriko zazpi herrialdeen arteko lotura aldarrikatuko dute gereziondoko ekitaldian.
Xabier Albizu antolatzailea gustura ageri da 18 urte hauetan egindako lanarekin. «Ekimen ezberdinak ezagutzera eman ditugu eta jendea elkarrekin lanean jarri dugu. Hango eta hemengo hori haustea lortu dugu. Guztiok hemengoak gara».