http://youtu.be/z-k-D_Damgg Vela eta Granero Realeko jokalariak Beasainen izan dira gaur, sinadurak ematen, telefono konpainia batek gonbidatuta. Aztoramendu handia sortu dute, eta jendetza bildu da Nafarroa etorbideko dendaren aurrean. Arratsaldeko 16:00etatik dozenaka lagun zeuden zain dendaren aurrean, eta ordua iritsi ahala, ilara luzatzen joan zen. 18:30ak pasatxo zirenean heldu dira jokalariak eta kantu artean hartu dituzte Beasaingo zaletuek. Barruan, euren argazkiak eta sinadurak banatu dituzte jokalariek.
Urretxu-Zumarraga Urretxuko Ederrena pilotalekuan seigarren urtez aukeren azoka antolatu du Bi-Tartean merkatari elkarteak. Bihar irekiko dute eta Urretxuko zein Zumarragako 20 dendek parte hartuko dute oraingoan. Iaz bezala, aurtengo Stock Azokak bigarren eskuko bizikleta merkatua hartuko du. Bigarren eskuko bizikletak saltzeko eta erosteko aukera eskainiko dute; txirrinduak bihar jasoko dituzte Ederrenan 12:30ean, eta igandean 14:00etan itzuliko dira saldu gabe geratu direnak. Sarrera doakoa da eta haurren txokoa ere izango da.
Gipuzkoako Trialsin txapelketako hirugarren kanporaketa jokatuko da igandean Urretxun, Santa Barbaran. Gipuzkoako txapelketa bost probaz osatuta dago, eta Urretxukoaren ondoren, Oñatin, Arantzazun eta Tolosan jokatuko dira azken saioak martxoaren 23an eta apirilaren 6an. Azken honetan finala jokatuko da. Urretxun igandean egingo duten proba, iazkoaren kontrakoa izango da. Jose Ramon Agirre antolatzaileak esan duenez, iaz edukiontziak, palet-ak… erabili zituzten zirkuitua osatzeko.