EAk Lazkaoko Alkartetxea inauguratu du
Eusko Alkartasunaren alderdi buruzagitzak eta Lazkaoko zuzendaritzak azken asteotako hirugarren Alkartetxea (EAren afiliatuen biltokia) inauguratu du, Lazkaon. Igandean egin zuten irekiera ofiziala, nahiz eta elkartea duela urtebete ingurutik erabilgarri dagoen. Lehengo Alkartetxearen orube berean eraiki dute berria, eraikin zaharra eraitsi eta hiru solairuko etxe berria eginda. Behealdean dago elkartea, taberna eta sukalde batekin. Sotoan, telebista gela eta jolastokia jarri dituzte.
Inaugurazio ekitaldian izan zen EAren idazkari nagusi Pello Urizar. Alderdiaren sortzaile eta jaurlaritzako lehendakari izandako Carlos Garaikoetxea ere bertan izan zen, baita Rafa Larreina (Amaiurren diputatua Espainiako Kongresuan), Alberto Unzamunzaga (senataria Espainiako Senatuan), Juanjo Agirrezabala eusko legebiltzarkidea, Ikerne Badiola Kultura diputatua Gipuzkoako Foru Aldundian, Iñaki Ostolaza EAren Gipuzkoako koordinatzailea eta Asier Sarriegi Kirol zuzendaria aldundian ere.
Lazkaoko Alkartetxearen lehendakari gisa, Kepa Goenagak ireki zuen ekitaldia. Alkartetxeak bilgune izateko bokazioak jarraitzen duela agertu zuen. Urizarrek, bere aldetik, EH Bilduren proiektuaren aldeko apustuak jarraituko duela ziurtatu zuen, “apustu estrategiko den heinean, bide luzerako delako”.