Haurrentzat eta helduentzat kontakizunak Ordizian, Ahoz Aho 2014 jaialdian
«Ipuin batean herri baten ohitura, historia eta hizkuntza bera daude, horien guztien isla da. Ipuin batetik bestera alde nabarmenak egongo dira, eta horrenbesteko aniztasunez entzuteko aukera oso gutxitan izaten da». Hala azaldu zuen joan den ostiralean Lur Korta aktore eta ipuin kontalariak Ahoz Aho 2014ren aurkezpenean. Ordizian eta Tolosan egingo den Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdian Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat kontalari taularatuko dira.
Ipuin kontaketak haurrekin identifikatzen baditugu ere, helduentzako modukoak ere badirela nabarmendu zuten antolatzaileek. Hainbat jatorritako eta ohituretako jendea izaki, ipuinak «oso interesgarriak» izango direla nabarmendu zuen Kortak. Yoshi Hioki Bartzelonan bizi den japoniarra zein Patricia Macgill Uruguaiarra ariko dira Ordizian; Joxemari Carrere, Lur Korta eta Amaia Arriaran euskaldunez gain.
Hilaren 21ean Barrena Kultur Etxean egingo den ahozkotasunaren galan, Tolosan taularatuko diren artistak ere ariko dira: Portugalgo Luis Carmelo, Kamerungo Boni Ofogo zein Arrate Leunda ordiziarra. Leunda urte askoan isilik egon ondoren ipuin kontaketetara itzuliko da. Egun berean, ahozko narrazio lehiaketaren finala ere egingo da. Otsailaren 28ko sailkapen saioan finalerako pasea lortutako hiru kontalariak lehiatuko dira Barrenan.
Ahozkotasun ikastaroa
Kontaketen mundura gerturatzeko ikastaroak ere egingo dituzte. Itziar Rekaldek ikastaroak egingo ditu ikastetxeetan eta Zuhaiztin.
EGITARAUA (Ordizian)
Martxoak 15
- 18:00. Yoshi Hioki eta Joxemari Carrere Barrenan.
- 19:30. Tuturrumurruk ikuskizuna kaleetan.
- 10:00. Lur Korta Urdanetan; 11:15ean Jakintzan.
- 10:00. Amaia Arriaran Urdanetan; 11:15ean Jakintzan.
- 18:30. Patricia Macgill eta Amaia Arriaran Barrenan.
- 22:00. Ahozkotasunaren Gala Nagusia Barrenan, artista guztiak ariko dira. Kontatu nirekin! ipuinen ahozko narrazio lehiaketaren finala.