Inauteri eguzkitsua Lazkaon eta Legorretan
Tolosan astebete lehenago ez bezala, Lazkaon eta Legorretan eguraldi paregabearekin ospatu dute inauteria. Larunbatean egin zuten festa bi herri horietan, gazte asanbladek antolatutako egitarauarekin. Astebete gehiago luzatu dute inauteri giroa.
Lazkaon, itsasoa gaitzat hartuta, eguerdian irten ziren gazteak kalera. Ozeanoa bezain urdin zerua, jantzi koloretsuak eta ideia pentsaezinak erakutsi dituzte: Bob belakia, piratak, kapeladun eta praka moztun udatiarrak, itsasontzi kapitainak, Nemo arrainak, euskal kostaldeko arrantzale sardinerak… Itsasoa bezain zabal utzi zioten irudimenari. Itsasargi originalak ere baziren, buruan argia eginez.
Legorretan ere «oso giro ona» izan zuten. Eguerdian plazaratu, pintxoak prestatu eta jan, eta Emakumearen Eguna ere bazena gogoratu zuten. Arratsaldean, umeentzat gai horretako ipuinak kontatu zituzten, eta bilkurarekin bat egin zuten Gazte Pikuko gazteek.
Eguerdiko poteoa bezalaxe, gaueko musika kontzertuak ere jendetsuak izan ziren, gaztetxean. Legorretarrez gain, inguruko herrietako jendea ere mozorrotuta joan zen Legorretara.