Legazpiko Deaf Squad taldearen disko berria bi aste barru izango da kalean
http://youtu.be/wzbrVLbRU44
Deaf Squad musika talde legazpiarrak disko berria grabatu berri du. Oscar Zabalak (gitarra), Aitor Carrerak (baxua), Ander Beiztegik (bateria) eta Nerea Hernandezek (ahotsa) osatutako taldea da. Lanari azken ukituak emanda kopiak egiten ari dira orain, eta Hernandezek esan duenez, «hemendik bi aste barru kalean» izango da, jada. 559-7 izena jarri diote taldearen estreineko diskoari Motxorron duten entseatzeko lokalaren ondoan dagoen «Renfeko kilometro-puntuari» erreferentzia eginez.
Deaf Squad orain lau urte sortu zen Legazpin. Zabalak eta Camarak herriko beste talde batzuekin jotzen zuten tarteka Motxorron, eta beraiek izan ziren Beiztegiri beraiekin jotzeko proposamena luzatu zietenak. «Plateruenean, The Adicts taldearen kontzertu batean» izan zen Beiztegik berak gogoratu duenez. Hernandez izan zen taldera batzen azkena, «nik abeslari izateko nire burua eskaini nien, baina hasieran ez zutela serio hartu uste dut», dio.
Lau urte hauetan zehar makina bat zuzeneko eskaini ditu taldeak, eta Euskal Herriko gaztetxe ezberdinetako oholtzetan onduz eta gorputza hartuz joan da. Taldearen estiloari buruz galdetuta, «musika gogorra» egiten dutela erantzun dute Hernandezek eta Beiztegik, «estilo askoren arteko nahasketa bat da, punk-rocka egiten dugu batez ere, baina ska edo beste erritmo batzuk ere nahasten ditugu zenbait abestitan».
Diskoa gaztetxean salgai
Hasieran, gustuko dituzten zenbait talderen bertsioak jotzen hasi ziren arren, «poliki-poliki abesti propioak» egiten hasi ziren. Hala, hamabi abestiz osatutako diskoa grabatzen hasi ziren orain hiru urte. Grabazioa «uste baino gehiago luzatu» zaiela aitortu dute taldeko bi kideek. Bergarako Northern Drunken diskoetxearekin grabatu dute, «diskoetxe profesional batera joateak diru asko suposatzen duelako», esan dute.
Diskoa «taldeko kideek bizi izandako uneen isla» da. Abestien hitzak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin dituzten lan honetarako, baina aurrerago «frantsesez ere egiteko asmoa» badutela aurreratu du Hernandezek. Diskoaren kopiak egiten ari dira une honetan, baina «bi aste barru kalean» egongo dela ziurtatu dute taldetik. Legazpiko gaztetxean izango da eskuragarri eta aurkezpen kontzertua ere eskainiko dute bertan, oraindik datarik zehaztu ez duten arren.