Ritxar Fernandez eta Uxoa Irigoien izan dira lehenak Beasaingo proban
Eguraldi epela eta eguzkitsua lagun, ehunka lagunek parte hartu dute IV. Beasaingo Herri Lasterketan. 14 kilometroko ibilbide luzea egitera 250 lagun eta laburra (7 kilometrokoa) egitera 100 lagun inguru animatu ziren herenegun. Ritxar Fernandez eta Uxoa Irigoien izan ziren azkarrenak.
Koldo Agirre Bealak taldeko kideak azaldu duenez «orain arte baino lagun gehiagok parte hartu» dute. «Lasterketa ikusten, animatzen eta paseatzen ere bazebilen jendea» gaineratu du Agirrek. Herri lasterketa izanik, herritar dezentek parte hartu zuten: lasterketa handian 32 lagunek, esate baterako.
Lasterketa nagusia hasi aurretik, omenalditxoa ere egin zioten pasa den urtean hil zen Alfonso Perez taldekide ohiari. Agurra dantzatu zuten eta lore sorta bat eman zieten bertaratu ziren Perezen familiakoei. Lasterketa amaitutakoan egin ziren herriko eta inguruetako merkatariek zein ostalariek emandako produktuen zozketak.
Datorrenean, Arriaranen
Herri Lasterketa amaitu eta segida-segidan dator Arriarango III. Mendi Lasterketa. Larunbatean, 16:00etan hasiko da proba, eta izen emateko aukera dago, ohi bezala, kirolprobak.com webgunean, edo baita egunean bertan Arriaranen ere. «Ibilbidea betikoa da», azaldu du Agirrek. «Beti bezala, bidea garbitzen da Intxaurpe elkartekoekin batera lasterketa baino lehen», azaldu du, eta ostegunera arte behintzat giro eguzkitsua aurreikusten dutenez, lehor egoteko aukerak ikusten dituzte antolatzaileek. 15 kilometroko luzeera du ibilbideak, eta gehienez 350 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Irabazleentzako egongo diren txapelez eta garaikurrez gain, Arriarango mendi lasterketa horretan ere hainbat produkturen zozketa egingo dute, lasterketa amaitutakoan. Kasu horretan ere, herriko eta inguruetako ostalariek eta merkartariek eman dituzten produktuak izango dira zozkatuko dituztenak.
SAILKAPENAK:
Beasaingo Herri Lasterketa_14km
Beasaingo Herri Lasterketa_7km