Bertso saioa eta barrikotea, larunbatean Igartubeitin
Larunbatean bertso saioa eta barrikotea egongo dira Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian. 18:30ean Martxoan Bertsoako azken kanporaketa jokatuko dute eta ondoren bertako sagardo berri dastatzeko aukera egongo da.
Antolatzaileek autobus zerbitzua jarri dute. 18:00etan aterako da Zumarragako Elizkaletik. Festa amaitu ondoren, 21:00ak aldera, itzuliko da Zumarragara.
Bertso saioa 18:30ean hasiko da. Ezkio-Itsasoko kanporaketan Gabiri 2 (Aitzol Iturbe, Endika Igartzabal eta Mikel Asurabarrena), Atzeko Kaleko Mutilak (Asier Sasieta, Gorka Santesteban eta Xabier Elgarresta) eta Gabiri 3 (Aratz Igartzabal, Paul Iruretagoiena eta Mikel Tapia) taldeek parte hartuko dute.
Ondoren, Igartubeitiko sagardo berria dastatzeko aukera egongo da. Gainera, txorizo eta tortilla pintxoak, gazta eta menbriloa zerbitzatuko dituzte. Trikitilariek girotuko dute merienda.